Justo Argoitia eta Agustin Zubimendi, Beheko Plaza Abesbatzako kideak. (Juan Luis Romatet)
Bere jaioterrian, Zumaian, apenas ezagutzen dute; Asturiasen, aldiz, goraipatu egiten dute, bertako abesbatzen aitzindaria izan zelako. Angel Enbil 1897an Zumaian jaioa, 1980an hil zen Asturiasko Pola de Sieron (Espainia). Bertan bere omenezko jaialdia antolatzen dute urtero, 1991tik hona, eta aurten Zumaiako Beheko Plaza abesbatza bertan izango da beste talde batzuekin batera.
"Orain 26 bat urte izango nuen Enbilen berri lehenengo aldiz. Kutxaren Erribera kaleko bulegoan egiten nuen lan, eta Pola de Sieron Enbilen omenez egingo zen lehen jaialdian parte hartzera gonbidatu gintuzten. Ni, orduan, San Pedro Abesbatzako zuzendaria nintzen, eta ez nuen inoiz ezer entzuna Enbili buruz. Jakin nuenean zer kaletan jaio zen, San Telmo kalean, gauzak lotzen joan nintzen eta jakin nuen zein familiatakoa zen", azaldu du Agustin Zubimendi jubilatuen Beheko Plaza Abesbatzako zuzendariak.
Angel Enbilek hamar urte besterik ez zituen egin Zumaian; baina, denbora horretan, musika ikasketak egiteko aukera izan zuen Luis Urteagarekin. Zumaiako Musika Bandako eta parrokiako abesbatzako zuzendaria eta herriko organista zen Urteaga garai hartan. Enbilen aita merkantzia-ontziteriako kapitaina zen, eta Lapurdiko Baiona eta Galiziako Baiona arteko linean egiten zuen lana. 10 urte zituenean Gijonera joan ziren bizitzera. Han sakondu zituen Enbilek musikako ikasketak. Organoa eta biolontxeloa ikasteaz gain, harmonia eta konposizio ikasketak ere egin zituen.
"1915ean zuzendu zuen bere lehen abesbatza, eskolako lagunek osatutakoa. Bost urte geroago, emakumezkoen Coro Vergel sortu zuen, eta 1930ean Orfeon Gijones izeneko abesbatza", laburbildu du Zubimendik. Asturiasko Orkestra Sinfonikoaren sortzaileen artean izan zen eta baita bertako kide ere 1946ra arte. Urte horretan, oposaketa bidez, Pola de Sieroko musika bandaren zuzendari bihurtu zen. "Asturiasko musika munduan, ez abesbatzenean bakarrik, garrantzia ikaragarria du Enbilek. Aipatzeagatik bakarrik, Covadongako Escolania esanguratsuko zuzendaria ere Enbilen ikaslea izan zen", nabarmendu du Beheko Plaza Abesbatzako zuzendariak.
Zuzendaria bakarrik ez, konpositorea ere izan zela du gogoan Zubimendik. "Gehienbat abesbatzentzako lanak sortu zituen Enbilek, bai erlijiozkoa, baina baita profanoa ere. 2006an bere lanen bilduma bat egin zen, eta Zumaian aurkeztu zuten, udaletxeko pleno aretoan".
1980an hil zen Embil eta 11 urte geroago bere omenezko lehen jaialdia antolatu zuten Pola de Sieron bertan. "Lehen edizio hartan San Pedro Abesbatzarekin joan ginen, eta orain, 25. urteurrenean, Beheko Plaza Abesbatzarekin joango gara. Hiruzpalau alditan izan gara jaialdi horretan (2014ean Amaia Aldalurrek zuzendutako San Pedro Abesbatza joan zen) eta Pola de Sierokoak ere bizpahiru alditan izan dira Zumaian. Azkenean, adiskidetasun harremana sortu zen".
Aurtengo Enbilen oroimenezkoa maiatzaren 22an hasiko da. Beheko Plaza Abesbatzak maiatzaren 25ean abestuko du. Hitzordu horretarako, errepertorioa prestatu du dagoeneko zuzendariak. "Batetik, Enbilen zenbait abesti kantatuko ditugu; oroimenezko honetan parte hartzeko nahitaezko baldintza da hori. Gero, erlijiozko zenbait abesti ere kantatuko ditugu eta, nola ez, euskaldunak ere bai. Dugun onena eramango dugu".