Azkoitiko Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariek Munibe Group bisitatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko mai. 17a, 16:08

Gaur Azkoitiko Udaleko eta Foru Aldundiko agintariek Munibe Group bisitatu dute, eta aukera izan dute orain arteko ibilbidea eta etorkizunerako finkatutako erronkak hurbiletik ezagutzeko. Munibe Group, Azpeitiko eta Azkoitiko mekanizazioko lau familia enpresaren bateratzetik sortu zen, "batasunak indartu egiten duela sinetsita". Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia zinegotziak bidelagun izan dituzte Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatu Ainhoa Aizpuru eta sail bereko zuzendaria, Antton Tomasena. Bertan izan da Iraurgi Berritzenen zuzendari Begoña Beobide ere. Munibe Group taldeko koordinatzailea eta taldea osatzen duten lau enpresetako buruak –Ekintza Lantegia S.A., Mecanizados Gurrutxaga, Alberdi Mekanizatuak eta Talleres Arrieta–, pozik agertu dira elkarrekin martxan jarritako proiektuarekin eta etorkizunari begira ikusten dituzten aukerekin. Munibe Group 2016ko uztailean sortu zen formalki, lan-prozesuari askoz lehenago ekin zioten arren. Taldea 50 urtetik gora dituzten eta jada bigarren belaunaldiko kideek kudeaturiko enpresek osatzen dute. "Baliabide produktiboak, erronkak eta merkatuan ondo kokatzeko ezinbestekoa den estrategia" partekatzen dituzte, "aktibitatea dibertsifikatu eta merkatu-nitxo berriak bilatzeko". Egun, 65 langile dira guztira. Hona hemen bisitan hartutako irudiak: (Argazkiak: Azkoitiko Udala)  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide