Saria eskuratu duen ikasle taldea. (Floreaga ikastetxea)
Azkoitiko Floreaga ikastetxeko DBH4ko Aitor Ayerdik, Jone Larrañagak, Julene Iturbek, Maite Urrestik, Maria Santizok eta Unai Beristainek osatutako taldea Euskal Kultura Ondarearen hiru talde irabazleetako bat izan da. Joan den ostiral goizean jaso zuten lehiaketaren antolatzaileen deia, eta "poz handia" hartu zuten.
Lehiaketako baldintzek eskatuta bezala, bi bideo prestatu dituzte. Batean euskal ondareari buruz aritu behar zuten, eta lehen bideo horretan euskalkiei buruz duten ikuspuntua azaldu dute ikasleek. Bestean, berriz, prestaketa lana erakutsi dute.
Guztira, 152 bideo aurkeztu dira. Ekimenaren xedea euskal kultura ondarea hedatzea da, eta, horretarako, DBHko 3. eta 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehen mailako ikasleek egindako hiru bideo saritu dituzte; horien artean, Floreagako ikasleena.
Hiru bideo hoberenak egin dituzten taldeetako kideek eta haien tutoreek jasoko duten saria ondokoa da: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako bidaia kulturala Irlandara (zazpi egunekoa, ekainaren 28tik uztailaren 5era). Paddy Woodworth kazetari eta idazlea izango dute gidari, eta Irlandako toki esanguratsuak ezagutzeko eta bertako kulturara hurbiltzeko aukera izango dute. Saridunen ikastetxeak, berriz, oroigarri bat jasoko du.
Honako hauek izan dira epaimahaikideak:
- Paco Etxeberria Gabilondo, Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea.
- Lucia Torrealday Berrueco, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.
- Agustin Azkarate Garai-Olaun, UPV/EHUko Arkeologian katedraduna.
- Maite Iturbe Mendialdua, EiTBko zuzendari nagusia.
- Amaia Goikoetxea Marques, Kultura Ondarearen teknikaria.