Azkoitiko Floreaga ikastetxeko eta Xabier Munibe ikastolako ikasleek bertso jaialdia eskainiko dute maiatzaren 18an, ostegunean. 18:00etan izango da emanaldia, Baztartxo antzokian. Doinu, neurri eta errimekin nola moldatzen diren erakutsiko dute taula gainean, urte osoan Gu Ere Bertsotan programaren barruan bertsolaritza landu ostean.
LH5, LH6 eta DBH1eko gaztetxoak arituko dira bertsotan, eta haien gurasoez gain, edonork du bertso saioaz gozatzeko aukera, ekitaldi irekia baita.
Gu Ere Bertsotan Azkoitiko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Gipuzkoako Bertsozaleen Elkarteak elkarlanean daramaten proiektua da 2008-2009 ikasturtetik gaur arte. Jokin Urangak zuzentzen ditu saioak, eta ikuspegi pedagogikotik nagusiki lau arlo lantzen dira: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonal eta sozialak.