Gosearen Aurkako Ekintza gobernuz kanpoko erakundeak antolatzen duen Gosearen Aurkako Lasterketarekin bat egin du Azkoitiko Floreaga Ikastetxeak. Bigarrenez egingo dute lasterketa Floreagakoek, eta ostegunerako jarri dute data. Hain zuzen ere, 15:40tik 17:00etara bitartean egingo dituzte distantzia desberdinetako probak.
Adinaren arabera txanda desberdinak egingo dituzte, eta parte-hartzaileek nahi beste itzuli egingo dituzte korrika. Proba bukatzean, diru ekarpena egingo dute parte hartzaileek. Lasterkari guztiei fruta banatuko diete, "elikadura jasangarriaren eta osasungarriaren garrantziaz jabetzeko".
Fl0reagako kideek azaldu dutenez, edonork har dezake parte lasterketan, eta bildutako dirua Etiopiara bideratuko dute. Diru hori elikadura urritasunari eta horrek sortzen dituen ondorioei aurre egiteko erabiliko dute. Ikastetxeko kideen arabera, "elkartasuna eta osasuna" elkartzen dituen ekintza motibagarria eta hezitzailea da proba.
Iazko edizioan 2.925 euro bildu zituzten Gosearen Aurkako Lasterketan.