19:00etan elkarretaratzea egingo dute Azkoitiko plazan, Azkoitia Zero Zaborrek deituta.
Gaur hasiko dira Zubietan erraustegia egiteko lanak, eta horren harira, protesta ekitaldiak egingo dituzte gaur Gipuzkoako zenbait herritan. Azkoitian, Azkoitia Zero Zaborrek deituta, elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, herriko plazan. Asteazkenean, maiatzak 10, inaugurazio ofiziala izango da, eta, goizean, Merca bugatin kontzentrazioa egingo dute, Lasarte-Orian, erraustegiaren sarreran. Maiatzaren 27an, berriz, Errausketaren Aurkako Eguna izango da Zubietan.
Honako idatzi hau bidali du Azkoitia Zero Zaborrek:
"Non egongo ote gara 2051. urtean? 35 urte barru… nola biziko dira gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute? Nolako zerbitzu sozialak edukiko dituzte? Zein gaixotasun sufrituko dituzte 2051. urtean? Nork eta zein dirurekin zainduko ditu gaixoak, zaharrak, umeak…?
Ezin dugu onartu gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa kaltetuko dituen erraustegi inposatu bat datozen 35 urteetarako.
Krisi ekonomiko sakonean bizi gara. Krisi ekonomikoak ekarri ditu krisi soziala, politikoa, humanitarioa. Konturatzen hasi gara Lurra planeta bakarra dela, mugatua. Ezin dugu segitu berdin, “erabili-ta-bota”, “erabili-ta-bota”…
Osasun krisi batean ere bizi gara. Gero eta minbizi gehiago, gero eta gaixotasun berezi gehiago… Nolatan baimentzen dute erraustegi berri batekin kutsatzea gure airea eta gure ondorengoek arnastuko dutena?
Giza krisia ere badaukagu. Garapen ereduak eragindako krisi sozial eta humanitarioa. Gure etxeetaraino ekarri du ezin bizia: langabezia, lanpostuen prekarietatea, etxegabetzeak, pobrezia gero eta ugariagoa…
Hori gutxi balitz, administrazioek inbertsio faraonikoetan xahutu dituzte diru publikoak, eta inbertsio sozial guztietan murrizketak egiten dituzte: osasungintzan, irakaskuntzan, gazteen laguntzetan, ezindu eta pobreenen laguntzetan…
Esan diezaiogun EZ! Gipuzkoarren bizitzak 35 urterako hipotekatuko dituen erraustegiari, alferrikakoa den erraustegiari.
Urte asko daramatzagu oihukatzen ERRAUSKETARIK EZ!. Urteak daramatzate Gipuzkoan erraustegia egin nahian, zerbitzu publikoekin aberasten diren enpresa handi ustelak eta lotsa gutxiko zenbait politikari. Erraustegia oraindik eraiki gabe egotea… ez al da garaipen bat izan?
Baina, gainera, 2009an hasita, Gipuzkoan martxan dago alternatiba… Erraustea baino garbiagoa, osasuntsuagoa eta merkeagoa. Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan egunero dago martxan hondakinen kudeaketa alternatiboa. Gipuzkoan demostratzen ari gara ez dugula hondakinak erre beharrik.
Orain nahitaezkoa da udalerri askok egin duten bideari beste guztiek ere jarraitzea. Gipuzkoar guztiok berdinak gara eskubideetan, gipuzkoar guztiok berdinak gara betebeharretan. Denon betekizuna da hondakinak murriztea eta sortutakoak ondo sailkatu eta tratatzea.
Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen duten alderdiei berriro ere esan nahi diegu: 'Gelditu ezazue proiektua! Egin kasu herritarrok eskatzen dizuegunari!'
Herritarrei dei egiten diegu: 'Mugitu gaitezen gipuzkoarrok!'"