Urrats taldeak jakinarazi ditu Azkoitiko herri galdeketako behin betiko parte hartze datuak. Guztira, 9.447 lagunek zuten botoa emateko aukera, eta 2.982k eman dute, %31,57k.
Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar? galderari erantzun diote herritarrek. 2.899 herritarrek
BAI erantzun dute (%97,21), eta 49 lagunek
EZ (%1,64). 26 (%0,87) boto zuriak izan dira, eta 8 (%0,27) baliogabeak.
Lehen balorazioari dagokionez, "pozik" azaldu dira Urratseko kideak, "galdetu egin zaigulako eta iritzia emateko aukera hutsa lorpen handia delako".
Eskerrak eman dizkiete egunean zehar lanean aritu diren boluntarioei, begiraleei, parte hartu duten sortzaileei, udalari eta bozkatzera joan diren herritarrei, "etorkizunaz iritzia ematera hurbildu zaretenoi, erabakitzeko eskubidea gauzatu duzuenoi".
"Ariketa demokratiko honek erakutsi digu herriari galdetzeak gizartea kohesionatu eta batu egiten duela, ezberdinen arteko konplizitateak artikulatzen direla, gizarte osoa ateratzen dela garaile horrelako prozesuetan", adierazi dute.
Urratsek azaroan bidea hasi zuenetik "hilabete biziak zein ederrak" izan direla adierazi dute. "Elkarrekin ikasiz egin dugu bidea, herriaren berotasuna sentituz, une oro".
Herritarrek txalo artean jaso dituzte emaitzak. Amaitzeko, Azkoitiko herri galdeketarako sortu duten abestia taularatu dute azkenengo aldiz.
Emaitzak, pixkanaka
Pixkanaka joan dira Urratsekoak parte hartze datuak jakinarazten: 13:00 bitartean, 1.599 herritarrek eman dute botoa ( %16,93); 15:00ak bitartean, 2.243k (%23,75 ); eta 18:00ak bitartean 2.610 herritarrek (%27,63).
Botoa eman dutenen artean hainbat aurpegi ezagun izan dira.
Lotura honetan ikus daitezke horien argazkiak.
Egun osoan zehar hartutako argazkiak, berriz,
hemen ikus daitezke.