Ehuneko 18,5ek eman dute botoa Azkoitian 13:30era bitartean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko mai. 7a, 14:38

Azken datuen arabera, 1.750 lagunek eman dute botoa. 20:00etara bitartean izango da horretarako aukera.

Urrats taldeak jakinarazi duenez, 1.750 lagunek eman dute botoa 13:30era bitartean Azkoitian. Zifra horren barruan daude aurrez botoa eman duten 418 lagunak. Orotara, 9.447 lagunek izango dute botoa emateko aukera. Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar? galderari erantzuteko aukera izango dute herritarrek, 20:00etara bitartean. 12:00etan egin dute ekitaldi nagusia, herriko plazan. Hasteko, Silvia Etxaniz eta Eneritz Artetxe bertsolariek zenbait bertso abestu dituzte, Julene Iturbek gitarraz lagunduta. Segidan, Ane eta Ruben Lizarralde aita alabek kontzertua eskaini dute, eta, haien ostean, Juan Luis Zabala, Xabier Gantzarain eta Iñigo Aranbarri idazleek zenbait testu eta poema irakurri dituzte. Gero, Anari bere taldearekin aritu da zuzenean, eta Kupela taldekoak ere igo dira oholtzara. Azkenik, Urrats taldearen Erabaki abestia kantatu dute hainbat artista azkoitiarrek. Ekitaldia amaitu baino lehen, Rosario Lasa Urratseko bozeramaileak ordura arte bildutako datuen berri eman du. Gure Esku Dagok kaleratutako datuen arabera, %16,93k eman dute botoa 13:00etara bitartean. Baina Lasak emandako datuen arabera, %18,5 izan da parte hartzea 13:30erako. 15:00etan %23,75 zen parte hartzea, eta 18:00etan eman dituzten datuen arabera, herritarren %27,63k eman du botoa. Eguraldia laguntzen ari denez, giro polita nagusitu da Azkoitian. Une batzuetan, ilarak ere baziren botoa emateko. Aurpegi ezagun ugari joan da boza ematera, hala nola Iban Garate aurkezle eta aktorea, Anari Alberdi musikaria, Iosu Arrizabalaga Izer trikitilaria, Ixabel Jauregi Bertsozale Elkarteko Kidea, Itziar Elias aktorea, Iraitz Otaño Azkoitiko EH Bilduren bozeramailea, Joxan Elorza musikaria, Pedro Urdapilleta Anaitasuna futbol klubeko lehendakaria, Nere Zubizarreta alkate ohia, Eneritz Artetxe bertsolaria. Honako lotura honetan ikus daiteke horien argazki bilduma. Arratsaldean ere hainbat ekitaldi izango dira. Hona hemen egitaraua: – 18:00. Kontzertuak, Passepartout eta Hartz taldeen eskutik. Erabaki abestia joko dute. – 20:00. Hauteslekuen itxiera. – 20:30. Amaierako ekitaldia, emaitzen aurkezpenarekin, herriko plazan. Hona hemen egunean zehar bildutako irudiak: [flickr_set id="72157681389144751"]  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide