LABek atzo Azkoitiko Erlo enpresan gertatutako istripua salatu du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko mai. 4a, 11:14

62 urteko gizon bat hil zen, makina batek azpian harrapatuta. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, elkarretaratzea egingo dute 12:00etan enpresaren aurrean.

Azkoitiko Erlo enpresa. (Argazkia: Julene Frantzesena) Azkoitiko Erlo lantegian atzo lan istripuz hil zen langilearen heriotza salatu du LAB sindikatuak. Lehenik eta behin, hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei elkartasuna adierazi die. Sindikatuak nabarmendu du "urte gogorra" izaten ari dela aurtengoa. "Ibarmian gertaturiko langilearen heriotza otsailean, Burni enpresan gertaturiko ezbehar larria apirilean, eta, orain, langile baten heriotza. Aski da!". "Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, ez saiakera horretan hiltzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea, zauritzea... ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira", adierazi dute. Urtero, lan istripuen ondorioz, "50 langiletik gora" hiltzen direla adierazi dute, eta 2017an dagoeneko 21 hildako izan direla gogorarazi dute. "Milaka lan istripu zenbatzen dira, eta zer esanik ez 'ezkutatzen direnak', Azkoitiko Ibarmian duela gutxi gertaturikoa kasu. Administrazio publikoek, bitartean, patronala lagunduko dute, batere eraginkorrak ez diren politiken bitartez eta legea betetzeko kontrol gutxiago eginez". "Eusko Jaurlaritzari, Osalani eta Lan ikuskaritzari eskatzen diegu istripu hau behar bezala aztertu dezatela, ardurak argitu eta behar bezalako arreta, ardura eta neurriak har ditzatela, horrelako gertaerarik berriz ere errepika ez dadin", azaldu du sindikatuak. "Langileok laneko gaixotasunekiko eta lan istripuekiko tolerantzia zero aldarrikatu eta adierazi behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko, eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin, aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz. Aldaketa hori ez da etorriko Gasteiz edo Iruñetik; patronalak eta legeek ez digute ezer oparituko", erantsi dute. PSE-EEren gaitzepena Azkoitiko PSE-EEk elkartasuna adierazi dizkie hildakoaren familiari, lankideei eta gertukoei. Idatzi batean, Janire Igoa Azkoitiko Udaleko PSE-EEko bozeramaileak gogorarazi du aurten Azkoitian lan istripuz hil den bigarren langilea dela, eta gertatua "ahalik eta azkarren" argitzeko eskatu du. Horrez gain, lan istripuak saihesteko "borroka" egin behar dela nabarmendu du, eta langileen segurtasunak "lehentasuna" izan behar duela. Horregatik, enpresa sektoreari eskatu dio lan munduan segurtasuna eta osasuna arautzen dituen legedia "zorrotz" betetzeko, eta langileei lan istripuak saihesteko ahalegina egiteko eskatu die. Elkarretaratzea, 12:00etan Istripua salatzeko, gaur 12:00etarako elkarretaratzea deitu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek Azkoitiko Erlo lantegiaren aurrean. Horrekin batera, egun osoko lanuztea egiten ari dira enpresan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide