Ekain Txouren elkartasun emanaldia izango da igandean, Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko mai. 4a, 10:40

Ikuskizunean bildutako dirua Afrikako hainbat herrialdetako biztanleei oinarrizko beharrak asetzen laguntzeko izango da. 17:00etan hasiko da emanaldia.

(Argazkia: Iñigo Dominguez) Datorren igandean, maiatzaren 7an, Ekain Ibarguren pailazo azpeitiarraren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Azkoitiko Baztartxo antzokian. Emanaldiak helburu solidarioa du. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea eta Komunikazioa gradua ikasten duen talde batek antolatu du saioa, Amigos Solidarios elkartearekin batera, eta Azkoitiko Udalaren laguntzarekin. Proiektuaren helburua Afrikako hainbat herrialdetako biztanleei oinarrizko beharrak asetzen laguntzea da, batez ere, haurrei, emakumeei eta behar bereziak dituztenei. Helburu hori lortzeko elkartearen lehentasuna bertako baliabide eta materialak erabiltzea da. Modu horretan bertako ekonomia sustatu nahi dute antolatzaileek, "komunitate osoaren mesederako”. “Gure erronka aurrekonturik gabe pertsona horientzat ahalik eta laguntza gehien lortzea da”, adierazi dute. 17:00etan hasiko da emanaldia. Helduen sarrerak bost euro balioko ditu eta haurrenak lau euro. Sarrerak ikuskizun aurretik eskuratu ahalko dira leihatilan bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide