Datorren ostegunean, maiatzak 4,
Ama, nora goaz? dokumentala ikusi ahal izango da Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 20:00etan. Munohaundi kultur elkarteak antolatu du emanaldia, eta sarrera doan izango da.
Dokumentalak 1936ko gerraren ondorioz beren herrietatik bidali zituzten familien egoera azaltzen du, gerra krudel hark eragin zien ama, seme-alaba eta adineko pertsonena. "Zein izan zen haien erru bakarra? Beren senar eta familiakoak gudari joanak zirela gerrara, altxamenduaren erasoari aurre egitera", adierazi dute antolatzaileek.
Baleuko ekoiztetxeak egin du dokumentala, eta hainbat erakunde publikok horretarako laguntza eman du, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, EITBk, Emakundek, eta Azkoitiko, Donostiako, Elgoibarko, Mutrikuko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako udalek. Hain zuzen, aipatutako herri horietatik bidali zituzten familiak, besteak beste.
Antolatzaileek dokumentalaren garrantzia historikoa nabarmendu dute: "Dokumentalak aukera ematen du gure historia hurbilaren zati gogor eta samingarri baten berri izateko, etorkizunean ere gogoan izan dezagun gure herritarrek jasan behar izan zuten sufrimendua".
Dokumentalaren amaieran, elkarrizketa txiki bat egiteko aukera ere izango da; hain zuzen ekoizetxeko ordezkari bat izango da emanaldian.