Rosario Lasa Urrats taldeko kideak irakurri zuen mozioa atzoko udalbatzarrean. (Argazkia: Ihintza Elustondo)
Maiatzaren 7an erabakitzeko eskubidearen inguruan egingo den herri galdeketa babesteko mozioa onartu zuen Azkoitiko Udalak atzoko udalbatzarrean. Era berean, dei egin zieten 16 urtetik gorako azkoitiar guztiei galdeketa egunean botoa emateko. EAJK, EH Bilduk eta Azkoitia Baik aurkeztu zuten testua, eta hiru talde politiko horien aldeko botoarekin aurrera atera zen. PSE-EEk aurka bozkatu zuen.
Maiatzaren 7ko galdeketari begira, honako puntu hauek onartu zituzten:
- Azkoitiko Udalak Euskal Herriarentzat erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du.
- Azkoitiko Udalak izaera ezberdinetako azkoitiarrak erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen honetan parte hartzera animatzen ditu.
- Azkoitiko Udalak maiatzaren 7an Azkoitian egingo den herri galdeketa babesten eta bultzatzen du, eta dei egiten diegu azkoitiar guztiei maiatzaren 7an botoa ematera.