Azkoitiko Tabernaixen Elkarteak sinadura bilketa hasi du, udalak jarritako "oztopoei" aurre egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko api. 28a, 14:00

Datozen bi edo hiru asteetan herriko tabernetan sinatu ahal izango dute idatzia 16 urtetik gorako herritarrek.

Azkoitiko Plaza Berria. Azkoitiko Tabernaixen Elkarteak sinadura bilketa jarri du martxan, azkenaldian udalak jarri diezkien "oztopoen" aurrean herritarren babesa bilatu nahian. Herriko tabernetan jarri dituzte sinadurak biltzeko orriak, eta 16 urtetik gorako azkoitiar guztiek izango dute sinatzeko aukera, datozen bi edo hiru asteetan. Gaurtik aurrera izango da horretarako aukera. Honako idatzi honekin bat egiteko eskatu diete herritarrei: "Azkenaldian udalak tabernarion lanari jarritako oztopoak ikusita, 242 sinaduraren (herrikoak?) aitzakiapean, neurri gogorrak jasaten ari gara gure eta Azkoitiko herriaren kalterako: kontzertuen debekua, ordutegi murrizketa, autobus zerbitzuak kentzea herria isolatuz...
Ondorioz, kontuan hartuta azkoitiarrok urtetan kanpora joan behar izan garela, horrenbeste lan eta esfortzu ekonomikoren ondoren, Azkoiti bizi bat lortzen ari garela ikusirik, zure sinadura eskatzen dugu, Azkoitiko tabernariok gure ekintzekin jarraitu ahal izateko". Horrez gain, tabernariek esan dute udalarekin zein gurasoekin elkarlanerako prest daudela arazoari irtenbidea bilatzeko. Hain zuzen, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin harremanetan ari dira, elkarlanerako mahai bat osatzeko.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide