Azkoitiko Udalak eta Ur Kontsortzioak argitu nahi dute ez daukatela inolako zerikusirik azken egunetan Azkoitiko etxebizitzetan ur iragazkiak eskaintzen ari den enpresarekin.
Azkoitiko Udalak eta Ur Kontsortzioak argitu nahi dute ez daukatela inolako zerikusirik azken egunetan Azkoitiko etxebizitzetan ur iragazkiak eskaintzen ari den enpresarekin. Izan ere, etxez etxe egiten ari diren bisiten ondorioz, herritarren artean iruzurraren susmoa piztu da. Enpresak telefonoz hitzordua eskatzen du, eta behin etxera joanda, ura ustez hobetzeko iragazkiak eskaintzen ditu.
Azkoitiko Udalak eta Ur Kontsortzioak argitu nahi dute ez daukatela zerikusirik horrelako bisitekin, eta arretaz jokatzeko aholkatu dute. "Garrantzitsua da jakitea Azkoitiko uraren kalitatea oso ona dela. Ez dago zalantzarik horretan. Osakidetzak eta Gipuzkoako Urakek egiten dituzte kontrolak, eta ziurta dezakegu parametro guztiak betetzen dituela", dio Ur Kontsortzioaren Azkoitiko arduradun Mikel Zubizarretak.
"Azkoitiko urak ez du inolako iragazkirik behar. Iragazkiak jartzen dira tratatu gabeko ura denean eta karea edo beste elementu fisiko edo kimikoren bat altua den kasuetan. Horrelako ezer ez da Azkoitian gertatzen. Ez dago uraren kalitateaz arduratzeko arrazoirik”, erantsi du Zubizarretak.