Zumaiako beteranoen trainerua, Orioko jaitsieran. (Klausser)
Traineru denboraldia era ofizial batean hasteko dezente falta bada ere, zenbait jaitsiera eta estropada egin dira azken hilabeteotan. Elkarteak zer egoeratan dauden jakiteko test bezala erabiltzen dira proba horiek, eta test-entrenamendu moduan hartu behar da bihar arratsaldean Pasaiako badian jokatuko den estropada ere.
46 ontzik hartuko dute parte Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatutako estropada honetan: sei beteranoetan, bederatzi emakumezkoetan eta 31 gizonezko seniorretan.
17:00etan hasiko da proba, eta erlojuaren aurka ariko dira. Beteranoek eta emakumezkoek bi luzetara jokatu beharko dute, eta senior gizonezkoek, berriz, lau luze eta hiru ziabogetara.
Eskualdeko klubek ez dute hutsik egingo hitzordu honetan. Zumaia izango da ontzi gehien eramango duena, lau guztira: gizonezkoetan hiru –bi seniorretan eta bat beteranoetan–, eta emakumezkoetan bat. Oriok hiru ontzirekin hartuko du parte: bi gizonezko seniorretan, eta emakumezkoetan bat. Zarautzek bi traineru eramango ditu, gizonezkoetan biak: seniorretan eta beteranoetan bana. Getariak, berriz, bakarra eramango du, gizonezko seniorretan.
Orain arte jokatutako test moduko estropada hauetan ez da klub bat bestearen gainetik garbi aritu: Hondarribian Urdaibai izan zen irabazlea gizonezkoetan, eta San Juan emakumezkoetan. Orion, berriz, Hondarribia izan zen garaile gizonezkoetan, eta Hibaika emakumezkoetan. Beteranoetan, ordea, badirudi Zumaia sasoi puntu hobean dagoela: Orioko eta Hondarribiko jaitsieratan irabazle izan zen.