Euskarazko film laburren saioa, gaur, Aita Marin

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko mar. 22a, 09:55

Topaguneak antolatzen duen Laburbira euskarazko film laburren zirkuitua Zumaiara helduko da gaur, Baleike kultur elkartearen eta Ostarrena zineklubaren eskutik. Zortzi pelikula labur emango dira, 22:00etatik aurrera, Aita Mari aretoan. Zirkuitu ibiltaria Euskal Herriko eta mugaz kanpoko 32 herritan izango da, eta bere helburu nagusia da euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea, euskaraz ekoizten jarrai dezaten aukera emanez eta ikusleei Euskal Herrian sortutakoaz gozaraztea. Laburbirak hamalaugarren edizioan ere, zortzi istorio dakartza, denak erabat desberdinak. Sormena, dokumentala, fikzioa zein animazioa uztartzen dituzten ikus-entzunezkoek. Oier Fuentesen Azken saskia, Ageda kopla taldearen Beti bezperako koplak, Alejandro Diaz Castañoren Ihesa, Ibon Izaren Elemakarrak, Eki Pagoagaren Jalgi, UDA films-en 280º, Euspot lehiaketako spot onenak eta Kepa Sojoren Hileta. Baleikeko bazkideek sarrera doan izango dute, txartela leihatilan erakutsita. Bazkide ez direnek bi euro ordainduko dituzte. Zinegoak-eko film laburrak Hilaren bukaeran Zinegoak Bilboko gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko pelikulak emango dira Zumaiako Aita Mari aretoan. Bi saio izango dira: bihar, 22:00etatik aurrera, film laburrak eskainiko dira, eta bihar zortzi, hilaren 30ean, film luze bat. Sei film labur ikusgai izango dira biharko saioan: Anne Cazenave-Cambeten Gabber lover, Jose A. Cortes Amunarrizen ¡No es nada!, Maxim Kuphal-Potapenkoren #Not guilty, Ruxandra Ghitescuren Ane se intoarce, Alejandro Duranen Gravido eta Susan Jacobsonen Oh-be-joyful. Lan horiek jatorrizko hizkuntzetan emango dira, eta beharrezkoak direnean azpitituluekin; kasu batzuetan euskarazkoak, besteetan gaztelerazkoak. Datorren ostegunean, martxoaren 30ean, Israel eta Erresuma Batuaren artean egindako Oriented film luzea emango da Aita Marin, 22:00etan. Palestinarrak, begetarianoak, ateoak eta feministak, baina, hori guztiaren gainetik, gayak diren hiru gazte dira film horretako protagonistak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide