Elkargunean (Zeharkako aretoa) izango da, 18:00etan.
Adineko pertsonentzat herri lagunkoiagoa bihurtzen laguntzeko helburuarekin, hilean behin elkartzen dira Azkoitia Lagunkoia egitasmoko kideak. Hilabete honetako bilera datorren asteazkenean egingo dute, martxoaren 22an, Elkargunean (Zeharkako aretoa), 18:00etan.
Joan den hileko topaketan pertsona nagusiei zuzenean eragiten dien alderdien inguruko diagnostikoa egin ahal izateko, inkesta baten diseinua landu zuten. Datorren asteazkenean, berriz, herritarren proposamenak eta ekarpenak jaso eta lanean jarraitu ahal izateko, galdeketa nola zabaldu eta partaidetza aktiboa nola sustatu jorratuko dute.
Eusko Jaurlaritzaren proiektua da Euskadi Lagunkoia, eta Osasunaren Mundu Erakundearen programa batean oinarritua dago. Hori aurrera eramateaz eta herri ezberdinetan martxan jartzeaz Matia Fundazioa arduratzen da.