Ertzaintzak argitu du atzo arratsaldean Azkaraten gertatu zen
istripua zerk eragin zuen. Lehenik, bi autok aurrez aurre talka egin zuten, eta kamioiak haiek saihesteko ahaleginean, guraizearena egin zuen. Orduan, beste bi autok egin zuten talka kamioiarekin.
Istripuaren ondorioz, hiru lagun hil ziren. Horietako bat 41 urteko gizon eibartarra zen, Elgoibarko bizilaguna, eta beste biak Eibarren bizi ziren errumaniarrak. Horietako batek 51 urte zituen.
Beste bost lagun zauritu ziren istripuan, eta horietako bat, 20 urteko mutil errumaniarra, larri dago, Donostia Ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean. Zauritua hildako bi errumaniarrekin batera zihoan autoan.
Beste lau zaurituak, 70 urteko eta 68 urteko andre-gizonak, 58 urteko gizon bat eta 22 urteko neska bat, berriz, Zumarragako, Mendaroko eta Donostiako ospitaleetara eraman zituzten, zauri arinekin.
Ezbeharra 17:45ean gertatu zen, GI-2634 errepidean, Azkaraten, eta goizaldeko 03:00ak arte itxita egon zen errepidea.