Jon Zubiaurre, ezkerrean. (Goierriko Hitza)
Panda Raid lasterketako gidariak iritsi dira helmugara. Sei egun eta mila kilometrotik gorako bidearen ondoren, Marrakechen dira jada. Haien artean da Jon Zubiaurre
Apitte azkoitiarra. Aurten ere Joseba Berasategi Zegamako lehengusuarekin batera hartu du parte proban, eta kopilotu lanetan aritu da.
Tansikhteko kanpamenduan gaua pasa ondoren, gidariek lasai ekin zioten atzo Panda Raid lasterketako seigarren eta azken etapari. Bidean zehar, Tichkako gaina (2.260 metrokoa) pasa behar izan zuten, bere bihurgune guztiekin. Handik aurrera bidea lasaiagoa izan zen, nahiz eta beroaren eta nekearen eragina nabaritu zuten. Atzo arratsaldean iritsi ziren helmugara. Gidariek "izugarrizko esperientzia" bizi izan dutela azaldu dute, baina, orain, gogorrena falta zaiela: itzulerako bidea.
Joan den larunbatean hasi zen lasterketa, eta atzora arte Marokoko basamortua zeharkatzen aritu dira 4×4 Fiat Panda autoarekin. Panda Raid lasterketa solidarioa da, eta bildutako diruaren zati bat herrialde horretan eskola bioklimatikoa eraikitzeko erabiliko dute.