Herriarteko saio bateko irudia. (Argazkia: Olaia Iraola)
Ostiral honetan, 22:30ean, bertso saioa izango da Azkoitiko Koxka tabernan. Erniarraitz 2 (Azkoitia) taldeak Txingudi 1 (Irun) izango du aurkari.
Joan den asteburuan Azpeitian, Hernanin, Oiartzunen, Irunen, Mutrikun eta Getarian izan da Herriartekoa. Azpeitiko Sanagustinen Erniarraitz 4 eta 26+ taldeen arteko saioa eta 80 lagun inguru bildu ziren afalondoren giro ezin hobean bertsoaz gozatzera. Aitor Salegi, Oier Etxeberria eta Jon Ander Iriondo aritu ziren kantuan Erniarraitz 4 taldetik eta Txomin Azpiroz, Iñigo Gorostarzu "Etxorde" eta Adur Gorostidi 26+ taldetik. Ane Iriondoren gidaritzapean aritu ziren bi taldeak, epaile lanetan berriz, Xabier Azpillaga, Juantxo Sagardogi eta Mikel Beloki aritu ziren. 26+ taldea izan zen nagusi 17 punturekin, Erniarraitz 4 taldeak 7 lortu zituen.
Getarian Berdura Plazan egin zen saioan, berriz, 90 bat pertsona inguru bildu ziren Arrai Nahastua (Getaria) eta 7 astoren gainean-en (Alegia) arteko norgehiagoka ikusteko. Getariatik, Libe Goenagak, Danel Olano eta Egoitz Aizpuruk kantatu zuten, Alegitik Mikel Artola, Hodei Oiartzabal eta Imanol Irasuztabarrena etorri ziren bitartean. Gai jartzaile lanak, Ane Ezenarrok egin zituen. Saioa oso parekatua izan zen, emaitzak erakutsi zuen bezela, hamabina puntu eman baitzizkien epaileek.
Lehenengo fasea igande honetan amaituko da. Hiru taldeko hamar multzok eta lauko bik hartu dute parte, eta multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera. Finala, berriz, maiatzaren 27an jokatuko dute, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.