Azkoitiko Zutik, Zero Zabor eta Piztu elkarteek Zutik gaude jardunaldiak antolatu dituzte elkarlanean. Gaur hasi eta apirilaren 2ra bitartean izango dira saioak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egitasmoaren helburua da "erraustegiaren, zaborraren kudeaketaren eta energia zein kontsumo ereduen inguruko hausnarketa bultzatzea".
IƱaki Astigarraga da jardunaldien antolatzaileetako bat, eta jardunaldiak nolatan antolatu dituzten azaldu du: "Errauskailua eta hondakinen kontua sistema honen ikur dira. Batzuek negozioa egin dezaten, beste guztiok nola izorratu behar dugun adierazten du gaiaren kudeaketak. Horren harira egiten dira hausnarketak, baina askotan osasunaren ikuspegitik soilik, eta guk sakonago aztertu nahi izan dugu kontua". Horregatik, hitzaldiak, dokumentalak, formakuntza saioak... antolatu dituzte.
Lehen hitzordua bihar izango da. Pello Zubiria kazetariak Erraustegiaren zor ilegitimoa hitzaldia eskainiko du Elkargunean, 19:00etan. "Errauskailua egitea batzuen negozio izateak prezio bat du, eta prezio horrek udalaren aurrekontuetan nola eragiten duen azalduko du Zubiriak", adierazi du Astigarragak.
Hona hemen jardunaldien egitaraua:
Martxoak 7, asteartea. Erraustegiaren zor ilegitimoa hitzaldia 19:00etan, Elkargunean, Pello Zubiriaren eskutik.
Martxoak 11, larunbata. Kontsumoa kapitalismoan autoformakuntza saioa Zakelan, Aimar Uribesalgoren eskutik, 11:30ean. Zakelan eman behar da izena.
Martxoak 18, larunbata. Ekonomia zirkularra autoformakuntza saioa Matadeixen, 11:30ean. Zakelan eman behar da izena.
Martxoak 19, igandea. La era de la estupidez dokumentala Matadeixen, 19:00etan.
Martxoak 25, larunbata. Eguzki labe tailerra, 10:00etan, Elkargunean. Azaltzea nahikoa da.
Apirilak 2, igandea. Naomi Kleinen liburuan oinarritutako
Esto lo cambia todo dokumentala, Matadeixen, 19:00etan.
Erraustegi zaharrera egitekoak ziren irteera bertan behera gelditu da.