Zumaia Sariarekin hasiko da Hegoaldeko txirrindularitzako denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko ots. 24a, 11:52

Eliteko eta 23 urtez azpiko 160 bat txirrindulari bilduko dira bihar Zumaiako proban

Azken urteotan bezala, Zumaia Sariarekin hasiko da Hego Euskal Herriko txirrindularitza denboraldia. Eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindulariak lehiatuko dira bihar IX. proba honetan. Bete beharreko bidea: 112,5 kilometro. 10:00etan abiatuko dira eta, aurreikuspenak betetzen badira, 12:45ak aldera amaituko dute bidea. Nortasun berezikoa da Zumaian egiten den txirrindularitza proba, gehienetan esprintean amaitzen delako. «Zoritxarrez, ez da ohikoa maila honetan lasterketak esprintean amaitzea. Hanketan abiadura duten txirrindulariek denboraldian zehar ez dituzte luzimendurako aukera asko izaten. Hau da bat, eta txirrindulari afizionatu askorentzat hori da denboraldiko lasterketarik politena eta helburu nagusia», azaldu du Arritxu Iribarrek. Espainiako Kopako lehen proba ere asteburuan da, eta han zazpi euskal taldek parte hartuko dute. Hori dela eta, ez da 200 txirrindulariz osatutako tropelik izango Zumaian, baina 160tik gora txirrindulari izango dira. Omenaldia, Uzkuduni Aurten irteeran Zumaiako antolatzaileek omenaldi apala egingo diote azaroan trafiko istripuz hildako Josu Uzkudun ertzainari; lasterketetan antolatzaileak laguntzen eta txirrindularien segurtasuna bermatzen trafikoa gidatzen ibiltzen zen Josu Uzkudun, eta denboraldiaren hasieran gogoan izango du txirrindularitzako familiak, haren lana eskertuz. Gaztetxoak ere martxan Gazte mailakoen denboraldia ere asteburu honetan hasiko da. Zumaiako Txirrindulari Elkartea-Viveros San Anton taldeak kadete, infantil eta kimuen mailetan aterako ditu txirrindulariak. Elkarteko bi kadeteek, Antton Tolosak eta Mikel Manzisidorrek, Donostiako Ibaeta auzoan hasiko dute denboraldia larunbat arratsaldean. Egun berean, baina Oiartzunen, mendi bizikletako lasterketa izango dute infantilek eta kimuek. Infantiletan, aurten, Maddi Etxabe, Aitor Agirre, Heiko Mateos, Roman Zabaleta, Kimetz Etxabe eta Aritz Eizagirre izango dira Viveros San Antonen koloreekin ibiliko direnak; kimuen taldean, berriz, ariko dira Garazi Bergara, Andde Etxaniz, Mattin Salegi, Anuk Gogenola, Lizar Tolosa eta Yuri Urbieta. IBILBIDEA:
  • Irteera, Zumaia. 10:00etan.
  • Txikierdi- Zumaia. Hiru aldiz igaroko dira helmugatik.
  • Oikia. 10:18
  • Muniosoko bidegurutzea. 10:19.
  • Aizarnazabal. 10:24.
  • Iraeta. 10:30.
  • Arroa. 10:36.
  • Zumaia (4. aldiz igaroko dira helmugatik). 10:37.
  • Oikia-Aizarnazabal-Iraeta-Arroa. 10:55.
  • Zumaia (5. aldiz igaroko dira helmugatik). 11:03.
  • Oikia-Aizarnazabal-Iraeta-Arroa. 11:28.
  • Zumaia (6. aldiz igaroko dira helmugatik). 11:30.
  • Oikia-Aizarnazabal-Iraeta-Arroa. 11:48.
  • Zumaia (7. aldiz igaroko dira helmugatik). 11:56.
  • Oikia-Aizarnazabal-Iraeta-Arroa. 12:14.
  • Zumaia (8. aldiz igaroko dira helmugatik). 12:22.
  • Oikia-Aizarnazabal-Iraeta-Arroa. 12:40.
  • Helmuga. Zumaia. 12:48 inguruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide