Adierazpen lehiaketa antolatu dute martxoaren 8aren bueltan Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko ots. 22a, 10:33

Lehiaketan parte hartzeko, egun horren inguruko adierazpen bat egin beharko da argazki, marrazki, bideo, bertso edo olerki formatuan. 12 eta 18 urte bitarteko azkoitiar guztiek parte har dezakete.

Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta ospakizun horren harira, adierazpen lehiaketa antolatu du lehen aldiz Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak. Lehiaketan parte hartzeko, egun horren inguruko adierazpen bat egin beharko da argazki, marrazki, bideo, bertso edo olerki formatuan, eta landu beharreko gaia honako hau izango da: Martxoak 8, emakumeen nazioarteko eguna. 12 eta 18 urte bitarteko azkoitiar guztiek parte har dezakete lehiaketan, eta lanak aurkezteko epea ostiralean amaituko da. Martxoaren 8an argitaratuko da irabazlearen izena, eta multimedia tableta jasoko du sari gisa. Epaimahaiak lanek zabaltzen duten mezua baloratuko du gehienbat, nahiz eta haien "originaltasuna eta kalitatea" ere kontuan izango dituen. Epaimahaiak uste badu aurkeztutako lanen artean saria jasotzeko adina kalitate duenik ez dagoela, ez da saririk banatuko. Partaide bakoitzak ezingo ditu hiru lan baino gehiago aurkeztu lehiaketara. Antolatzaileek aurkeztutako lan guztiak argitaratzeko aukera izango dute, modu batera edo bestera, betiere egilearen aipamen edo sinadurarekin. Lanak Artxamendi topalekuan, Gazte Informazio Zerbitzuan edo artxamendi@gazteriazkoitia.eus helbidean aurkez daitezke, haietako bakoitzaren formatuaren arabera. Aurkeztutako lan guztiak martxoaren 6tik 10era bitartean ikusgai egongo dira Elkargunean. Lehiaketan parte hartzen duen edonork aipatutako baldintza guztiak onartzen dituela ulertuko dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide