Azkoitiko Juaristi enpresa Carlos Juaristik erosi du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko ots. 21a, 17:57

Asier Gogortza Juaristiko gerentearen arabera, enpresari behar zuen "bultzada" emango dio nagusi aldaketak. Lanpostu berriak sortuko direla aurreikusi dute.

Azkoitiko Juaristi enpresa. (Juaristi) Azkoitiko Juaristi enpresak "oso berri pozgarria" jaso du, Asier Gogortza gerentearen arabera.  Carlos Juaristi Aitek Automationeko gerente azkoitiarrak erosi du makina-erremintan "erreferentea" den enpresa. Modu horretan, Juaristi enpresaren jabetza Azkoitira itzuli da. Juaristi makina-fabrikatzaileak eta Aitek makina-automatizazioan espezialista den Azkoitiko enpresak sinergia "garrantzitsuak" dituzte, arduradunen esanetan. Eta, biak elkartuta, Azkoitiak mundu industrialean "erreferente" izaten jarraituko duela uste dute. Juaristiko gerentearen esanetan, enpresak "bultzada" bat behar zuen. "Etorkizuneko proiektu bat badauka, baina inbertsio batzuk-eta behar ditu. Enpresari proiektu hori aurrera eramaten  lagunduko dio nagusi berriak". Gogortzaren arabera, "aldaketa handia" ekarriko du erosketak Juaristira. "Lehengo nagusiarekin pixka bat geldituta eta blokeatuta zeuden kontuak, ezin genuen aurrera egin, eta, orain, esperantza berreskuratu dugu. Proiektu berriarekin ilusioz hasi gara lanean, eta proiektu berri horrek onura asko ekarriko dizkio Juaristiri, Azkoitiko herriari eta inguruari". Egun, 70 langile ditu Aitekek, eta 80 Juaristik. Baina, Gogortzaren esanetan, Juaristiko arlo batzuk «indartu» eta lanpostu berriak sortuko dituzte aurrerantzean. "Orain, zaila da esatea zenbat lanpostu sortuko diren, baina, gutxienez, hamar izango dira". Aitekek 30 urte ditu, eta ibilbide luzeko enpresa da Juaristi. Iaz 75 urte bete zituen, eta nazioarteko enpresekin etengabeko lehian dago egungo merkatuan. "Teknologikoki oso aurreratuta dago enpresa, punta-puntan dago. Baina erritmo horri eusteko eta merkatuan indartsu egoteko bultzada bat behar zuen. Apustu honek bultzada emango dio proiektuari".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide