Jende ugari ibili zen iazko Outlet Azokan. (Eneritz Albizu Lizaso)
Herrixen merkatari elkarteak antolatuta, Outlet Azoka egingo dute bihar eta etzi Azkoitian. Sara Rodriguez Herrixeneko teknikariak azaldu duenez, herriko merkatariei «bultzada» ematea da azokaren asmoa: "Dendariek urtean zehar saldu ez dituzten produktuak saltzeko aukera izango dute, eta, era berean, beren izena ezagutzera emateko modu bat ere bada outleta".
Aurtengoan, hamar saltokik parte hartuko dute: Aingeruk, Z estudioak, Arantxak, Idurrek, Karanek, Josik, Lirainek, Mainak, Munibek, Soulek, Yokok eta Noahk. Iaz baino bi saltoki gehiago izango dira; hain zuzen, Noah eta Z estudioa gehitu dira zerrendara.
Berrikuntza bat izango du aurtengo edizioak. Erosketa bat egitean, bezeroek txartel bat jasoko dute, eta horren trukean pintxo bat doan eskuratu ahal izango dute herriko taberna hauetakoren batean: Ttakunen, Zurten, Latzen, Orbelan, Etxe-Aitzen, Errexilen edo Koxkan. "Beste herrietan arrakasta dute halako jarduerek, eta probatu egin nahi izan dugu", adierazi du Rodriguezek. Era berean, merkatari elkarteko tabernariei azokan parte hartzeko aukera emateko modu bat dela azaldu du.
Elkargunean egingo dute azoka, honako ordutegi honetan: bihar 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara zabalduko dute, eta, igandean, 10:00etatik 14:00etara.
Ohi bezala, 3 eta 10 urte bitarteko umeentzako zaintza zerbitzua eskainiko dute Elkarguneko Oteiza aretoan; bihar 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta, igandean, 10:00etatik 13:00etara. Gainera, eguraldi ona eginez gero, puzgarriak jarriko dituzte Elkargunearen kanpoko aldeko plazatxoan.
Rodriguezen arabera, edizioz edizio Outlet Azoka "indartu" nahi dute. "Asmoa da pixkanaka jende gehiago bertaratzea eta oulteta herri osora zabaltzea. Urtez urte, handitzen eta zabaltzen joatea nahi dugu".