Ibarmia enpresan izandako istripuagatik hildako langilearen heriotza salatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko ots. 13a, 17:03

Gipuzkoako Batzar Nagusiek adierazpen instituzionala onartu eta joan zen astelehenean Ibarmia enpresan istripua izan eta ostiralean hil zen langilearen heriotza salatu dute. Batzar Nagusietako webgunean argitaratu duten testuaren arabera, "atsekabez" hartu dute heriotzaren berria. Batzar nagusiek salatu dute istripuak "nola edo hala eta edozerren gainetik ekidin beharra" dagoela. Horregatik, enpresetako partaide guztiei, nagusiei eta langileei dei egin diete laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia zorrotz betetzeko". Gainera, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek Azkoitiko Ibarmia enpresan istripuz hildako langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko. Adegi Gipuzkoako patronalak Donostian duen egoitza aurrean elkartuko dira, 12:00etan, Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea lelopean. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere "doluminak" adierazi dizkie langilearen senitartekoei eta lagunei. Honako puntu hauek jaso dituzte Batzar Nagusietako adierazpen instituzionalean: 1. Gipuzkoako Batzar Nagusiek atsekabez hartu dute pertsona baten laneko heriotzaren berria, Azkoitian lanean ari zela ezbeharra izan eta, larri zauriturik, ostiralean hil baitzen erietxean. Batzar Nagusiek elkartasuna helarazi nahi diete langilearen senideei, lankideei eta lagunei. Aldi berean publikoki salatu nahi dute eta bere gaitzespena adierazi, heriotza eragin duen lan ezbeharra dela eta. 2. Gipuzkoako Batzar Nagusiek salatu nahi dute, halaber, istripuak nola edo hala eta edozeren gainetik ekidin beharra dagoela, lan mota guztietan lehentasuna behar baitu izan lan segurtasunak. 3. Gipuzkoako Batzar Nagusiek berresten dute pertsonak, eta hein batean langileak direla gure herrialdearen garapen sozial eta ekonomikoaren muina. Horregatik jotzen du ezinbestekotzat lan-osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, bai eta lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere. Ildo horretan, enpresetako partaide guztiei, nagusiei eta langileei dei egiten diete laneko segurtasun eta osasunari buruzko araudia zorrotz bete dezatela, laneko arriskuei aurrea hartzeko. Lan istripuak gure sistema ekonomiko-sozialaren egiturazko arazo bilakatu dira. Lan arriskuen aurkako defentsarik onena prebentzioa eta prestakuntza dira, horien bidez lortzen baitute langileek ongizatea, ezagutza eta segurtasuna. 4. Horregatik guztiagatik, erakunde guztiei berriz ere eskatzen diete lan-arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela, lan-administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinazioan, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu ere. 5. Gipuzkoako Batzar Nagusiak, era berean, heriotza-istripua salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko ekimen guztietara atxikitzen dira, eta Gipuzkoako herritarrak animatzen dituzte ekimen horietan parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide