Azkoitiko Ibarmia enpresan istripua izan zuen langilea hil egin da

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko ots. 10a, 20:57

LAB sindikatuak jakinarazi du berria. Azpikontratatutako langilea lau metroko altueratik erori zen astelehenean. LABek istripua “isilean eta ezkutuan gorde izana” salatu zuen atzo.

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, joan den astelehenean Azkoitiko Ibarmia enpresan istripua izan zuen azpikontratatutako langilea hil egin da. 35 urteko langile mutrikuarra “oso larri” zegoen astelehenaz geroztik, eta gaur hil da. Lau metroko altueratik erori zen behargina, eta Betelu enpresako langilea zen izatez. LABek istripua “isilean eta ezkutuan gorde izana” salatu zuen atzo: “Ibarmia Adegiko presidenteordearen enpresa da, eta Adegiko ordezkari nagusiak dira isiltasunaren konplize nagusiak. Zergatik isilean gorde? Zerbait ari dira ezkutatzen edo manipulatzen?”. Hitza harremanetan jarri zen Ibarmia enpresarekin, baina ez zutela hitz egingo jakinarazi zuten enpresakoek. Horrez gain, zauritutako langilea azpikontratatuta egoteari ere eman dio garrantzia LABek, eta esan du prekarietatearen “oinarrizko osagai” dela azpikontratazioa, “eskubide eta prebentzio neurrien faltarekin, erritmo azkarrarekin, presioarekin, koordinazio eta kontrol neurrien faltarekin batera”. Sindikatuko kideek adierazi dute azpikontratazioak “gutxi batzuen irabaziei” egiten diela mesede. “Nazka-nazka eginda” daudela ere salatu dute. “Nazkatuta gaude eredu honek ekartzen dizkigun ondorioez, egoera honen erantzuleen mezu eta hitz lotsagarriekin, langileen osasunaren eta bizitzaren aurretik mozkin eta irabaziak lehenestearekin”. LABek gertatutakoa argitzeko beharrezkoak diren ikerketa egiteko eta neurriak hartzeko eskatu die erakundeei, ikuskaritzari, Osalani eta Lan Delegaritzari, “behar bezalako prebentzio politika ezarri eta kontrola dezaten”. Sindikatuak adierazi du “beharrezkoa” dela eredu aldaketa, “langileon osasuna eta bizi eta lan baldintzak lehentasunezkoak izango dituen eredu ekonomikora eta sozialera bidean”. LAB sindikatuak elkartasuna adierazi dio hildakoaren lagunei eta senideei. Gipuzkoako Sortuk ere salatu du gertatutakoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide