Ugaitz Alegria, Ylenia Baglietto, Toño Pinto eta Sonia Vazquez. (Ihintza Elustondo)
Laborategi genetiko batean euskaldun perfektua sortzen ahaleginduko dira
Desoxirribonukleiko antzezlaneko pertsonaiak. Eta, horretarako, hainbat euskal herritarren DNA txertatuko diote sortu nahi duten pertsona perfektu horri: Onintza Enbeitarena, Idoia Zenarruzabeitiarena,
La Otxoarena... Glu glu ekoiztetxeak sortutako komedia zientifiko musikala da, eta Azkoitian izan dira gaur lana aurkezten Ylenia Baglietto eta Ugaitz Alegria aktoreak eta Toño Pinto ekoizle exekutiboa. Haiekin izan da Sonia Vazquez Kultura zinegotzia. Ostiralean lehen aldiz taularatuko dute euskarazko bertsioa Zumaiako Aita Marin, 22:00etan, eta, larunbatean, ordu berean, Azkoitiko Baztartxo antzokian egingo dute bigarren aldiz.
Laborategian euskal genoma ikertzen ari dira pertsonaiak. DNA eraldaketaren bidez, Beñarda Etxepare sortu berri dute, lehen euskal super emakumea. Isilpeko kontratu bat dute Beñarda Txinari saltzeko, baina ustezko kazetari bat ere agertzen da, Iñaxio Gabilondo, eta gauzak nahastu egiten dira. Umorearekin batera, hainbat dilema azaleratzen dira. Batetik, publikoak bere buruari galdetuko dio ba ote dagoen perfekziorik, eta, bestetik, manipulazio genetikoa zer puntutaraino erabiltzeko prest legokeen. Antzeztearekin batera, zuzenean abestu eta dantzatu ere egiten dute antzezleek. Aktoreen arabera, "oso kantu ezagunak" entzun ahal izango dira.
Gaztelaniaz eta euskaraz egin dute antzezlana. Erdarazko bertsioarekin urtarrilean hasi zuten bira, eta, Azkoitiko emanaldia euskaraz egingo duten bigarrena izango da. Galder Perezek sortu du gidoia. Aktoreak, berriz, Baglietto eta Alegriaz gain, Susana Soleto, Leire Ucha eta Martxelo Rubio dira.
Hurrengo emanaldiak
Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko zinegotziak datozen antzerki emanaldien zerrenda aurreratu du. Aurtengo antzerki emanaldien denboraldiari
Desoxirribonukleikoa obrarekin emango diote hasiera, eta, martxoan, Hika Teatroaren
Koaderno zuria eta
Goazen musikala ikusi ahal izango dira.
Goazenen bi emanaldi izango dira martxoaren 17an: bata 18:00etan, eta bestea 20:00etan. Sarrerak, ordea, datorren astelehenean, otsailaren 6an, jarriko dituzte salgai. Baztartxon erosi ahalko dira 18:00etatik 19:30era bitartean.
Txalo Produkzioak ekoiztutako
Jainko basatia komedia dramatikoa eta ume eta helduei zuzenduriko Teatro Gorakadaren
Moby Dick ere ikusi ahal izango dira Azkoitian. Eta, maiatzean,
Francoren bilobaren gutuna izango da, Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia konpainien eskutik.