‘Euskararen arnasguneak’ tailerra jarri dute abian udalak eta Uemak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko urt. 27a, 12:55

Euskararen arnasguneak izeneko tailerra antolatu dute elkarlanean Zumaiako Udalak eta Uemak. Saioak datorren asteartean eta otsailaren 7an izango dira Oxford aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Zumaian euskararen egoera zein den jakitea eta hizkuntzaren erabileran eragina duten askotariko faktoreak aztertzea dira tailerraren helburu nagusiak. Leku bateko hizkuntza nagusia euskara denean, toki hori euskaldunentzat arnasgunea dela esaten da. Orduan, zergatik entzuten da erdara haurren parkean? Herritar berrien eragina zenbatekoa da? Zumaia euskararen arnagusnea al da? Indarrik ba al du euskarak Zumaian? Galdera horiek luzatzen dituzte tailer honen sustatzaileek. Beraz, herriko euskararen egoera zein den jakin nahi duena eta alor horretan ekarpenik egin ditzakeena deitu ditu tailerrean parte hartzera. Formazio saio horiek irekiak izango dira herritar ororentzat: gurasoak, norbanako interesdunak, herriko taldeak, ostalariak, langileak, ikasleak… Helburua da udalerri euskaldunetako joera linguistikoei buruzko hausnarketa egitea eta hizkuntzaren erabileran eragina duten askotariko faktoreak aztertzea, analisi horretaz baliatuz, etorkizunera begirako jarrerak landu ahal izateko. Interesdunek, aurrez izena eman beharko dute 943-86 50 25 (6) telefonoan edo euskara@zumaia.eus helbidean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide