Azkoitia Lagunkoia egitasmoaren bigarren bilera egin zuten atzo. (Azkoitiko Udala)
Azkoitia Lagunkoia proiektua martxan jartzeko lehen urratsak ematen ari dira Azkoitian, udalaren ekimenez eta herriko eragile eta norbanakoen ekarpen eta parte hartzeari esker. Atzo egin zuen taldeak bigarren bilera aurrerabideak zehazteko, Elkargunean. Eta, udalaren arabera, "bide onetik" doa egitasmoa.
Azkoitia Lagunkoiaren helburu nagusia da adineko pertsonentzat "herri lagunkoia" eratzea, "zahartze aktiboa" sustatuz. Horretarako, ordea, beharrezkoa da pertsona aktiboen parte hartzea, eta haiekin talde bat osatzen ari dira. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, eta Azkoitian bezala, beste hainbat herritan ari dira garatzen. Finean, proiektuaren asmoa da udalerriaren hobekuntzan herritarrek parte hartzea.
Horretarako, besteak beste, hobekuntza eremuak aztertzen dira: besteekin partekatzeko gune ireki eta zabalak, adinekoen beharretara egokitutako espazioak, auzokoek elkarri ematen dioten laguntza, gainerako belaunaldiekin harremana izatea, formazioa jasotzea eta ongizate arloan eskaintzen diren baliabideak ezagutzea. Horiek dira egitasmoak sustatzen dituen esku-hartze eremuak eta horiek hobetzeko egiten du lan taldeak.
Matia Fundazioko Erlantz Allur ikertzaileak zuzentzen ditu saioak. Oraingoz erronka bat dute: urrats berriak ematen hasteko, taldea sendotzea. Lehenik eta behin diagnostiko bat egingo dute, eta, horretarako, inkesta bat banatuko dute laster Azkoitiko adinekoen artean.