Bidasoa eta Bada Huesca taldeen arteko eskubaloi partida izango da urtarrilaren 14an

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko urt. 7a, 13:06

18:00etan izango da norgehiagoka, Azkoitiko Elkargunean. Sarrerak salgai daude dagoeneko Ñam Ñam gozoki dendan eta Plaza Berri Sport saltokian

Bidasoa eta Munoaundi eskubaloi taldeetako ordezkariak eta Azkoitilko Udaleko Kirol zinegotzia. (Ihintza Elustondo) Azkoitiko Munoaundi eskubaloi taldeak antolatuta, Asobal ligako Bidasoa eta Bada Huesca taldeen arteko lagunarteko eskubaloi partida izango da datorren larunbatean, urtarrilak 14, Azkoitiko Elkargunean. 18:00etan hasiko da norgehiagoka, eta sarrerak salgai daude dagoeneko Ñam Ñam gozoki dendan eta Plaza Berri Sport saltokian, 6 euroren trukean. Sortu berria da Azkoitiko eskubaloi taldea, eta joan den astean egin zuten aurkezpen ofiziala hedabideen aurrean. Bertan izan ziren Angel Luis Martin Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotzia, Aritz Sodupe Bidasoako zuzendaritzako kidea, Jose Luis Camarzana Munoaundiko presidentea, Jose Angel Sodupe Bidasoako presidentea eta Nagore Silvan Munoaundiko entrenatzailea eta taldearen sortzailea. Silvanek nabarmendu zuenez, hasiera guztiak izaten dira "zailak". Baina, oztopo horiei aurre egiteko, "bidelagun paregabea" izan dute Bidasoa. Izan ere, "behar izan duten guztian" laguntzeko prest agertu da Irungo taldea. Jose Angel Sodupe "harro" agertu zen Azkoitian talde berria sortu dutelako. "Eskubaloi talderik ez zegoen herri bakarrenetakoa izango da", adierazi zuen. Horren haritik, zerotik eskubaloi talde bat abian jarri izanak "sekulako meritua" dela esan zuen. "Ea urte batzuk barru Azkoitian eskubaloia indarra duen kirol bat den", erantsi zuen. Bi taldeen arteko laguntasunaren froga izango da, hain zuzen, datorren larunbateko partida. Eta baita Bada Huesca taldearen eskuzabaltasunaren froga ere. Izan ere, doan etorriko dira bi taldeak Azkoitira, eta partidan bildutako dirua Munoaundi taldearentzat izango da.  "Eskubaloiaz gozatzeko eta, aldi berean, Munoaundi taldea laguntzeko aukera bikaina izango da", esan zuen Silvanek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide