Gidabaimena euskaraz atera duten ikasleak saritu dituzte Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko urt. 5a, 18:06

2016an gidabaimena atera zuten ikasleen %90ek euskara aukeratu zuten

2016an gidabaimena euskaraz atera zuten ikasleak, diploma eskuetan dutela. (Azkoitiko Udala)

2016an gidabaimena euskaraz atera zuten ikasleak saritu dituzte Azkoitian. Uxoa Aizpuru Etxaniz autoeskolako zuzendariak eta Marijose Arregi udaleko Euskara zinegotziak banatu dizkiete sariak, eta "euskara gizarteko esparru guztietara zabaltzeko egiten duten ahalegina" aitortu diete.

2009an sortu zuten gidabaimena ateratzeko beharrezkoa den euskarazko materiala, eta udalak lagunduta, Etxaniz autoeskolak berehala jarri zuen martxan zerbitzua. Aizpururen arabera, egun, ikasleen %90ek aukeratzen du euskara gidabaimena ateratzerakoan, eta adierazi du urtetik urtera kopuru hori "hazten" ari dela.

Arregik autoeskolako ordezkariak eta gidabaimena euskaraz atera duten gazteak zoriondu ditu. "Etxaniz autoeskolari eskerrak eman nahi dizkiot egiten ari den ahaleginagatik. Askotan errazagoa da ezer aldatu ez eta dagoenari eustea. Baina euskararen normalizazio bidean esfortzu guztiak gutxi dira. Euskara beste hizkuntzen parean egongo balitz, ez genuke horrelako aitortzen beharrik izango; eta egun hori ere iritsiko da".

Diploma bana jaso dute gidabaimena eskuratu duten guztiek eta bertaratu direnen artean 25 euroko sei erosketa txartel zozketatu dira Herrixen Merkatari Elkarteko dendetan gastatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide