Errefuxiatuen aldeko kontzertu solidarioa emango du Zumaiako Bandak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko abe. 21a, 09:22

Ostiral honetan da saioa, 20:00etatik aurrera, Alondegiko Oxford aretoan. Biltzen den dirua Errefuxiatuen Harrera Taldera bideratuko dute. Gabon abestiez osatuko dute egitaraua

Jose Mari Azkue, Bandako zuzendaria. (J.L.R) Zumaiako Udal Musika Bandak kontzertu solidarioak eman ohi ditu urtearen bukaera aldera. Musika entzuteko aukera izateaz gain, bertaratzen direnei, ahal duten neurrian, elkarte jakin bati diru laguntza bat ematera gonbidatzen zaie. Iaz Saharako errefuxiatuen alde lan egiten duen Darahli elkartearen aldeko emanaldia izan zen; aurten, berriz, Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldea izango da, Bandaren bitartez, zumaiarren laguntza hau jasoko duena. Emanaldia ostiral honetan izango da, 20:00etatik aurrera, Alondegiko Oxford aretoan. "Ikusi dugu Gabonetako kontzertu hau aitzakia ona dela errefuxiatuen gaia plazaratzeko", adierazi du Jose Mari Azkuek, Bandako zuzendariak. "Ikusten genuen zerbait egin behar genuela errefuxiatuen gai honekin eta hauen alde lan egiten duen taldea laguntzea egoki ikusi genuen". Errefuxiatuen Harrera Taldeko kideak, Zumaian bertan lan egiteaz gain, Mediterraneoan egon izan dira errefuxiauei laguntzen. Konkretuki Chios irlan izan ziren, Zaporeak proiektuari laguntzen. "Agian ez da izango herriko beste elkarte batzuk bezain ezaguna, baina sekulako lana egiten ari dira eta, gainera, badakite diru laguntza hori non eta nora bideratu", gaineratu du Azkuek. Hala, kontzertuan zehar, taldekide batzuek elkarte honek egiten duen lanaren berri emango dute eta, amaieran, izango da diruz laguntzeko aukera. "Edozer laguntza ongietorria izango da. Gogoratu behar da euskaldunok ere errefuxiatuak izan garela historian zehar". Gabon abestiak Aspaldiko partez, Gabon abestiez osatutako kontzertua emango du Bandak. Jatorri desberdineko abesti ezagunak joko dituela adierazi du zuzendariak: "White Christmas, Jingle Bells... Alemaniako abestiren bat izango da, Frantziako bat eta baita euskaldun bat ere".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide