Urteko kirolari onenen sariak banatu zituzten joan den ostiralean Azkoitian, eta Maite Ayerdik jaso zuen igeriketa arloko saria. Oroigarrian, ordea, "igeriqueta" ageri da idatzita, eta azkar hedatu da sare sozialetan haren irudia. Horren aurrean, Azkoitiko Udalak mezu hau zabaldu du: "Udalak argitu nahi du igeriketa modalitateko oroigarria oraindik ez diola entregatu irabazleari, hain justu, testua akatsarekin iritsi zelako. Maite Ayerdi saridunari ekitaldian garaikurra argazkirako eman zitzaion akatsa zuzentzeko denborarik ez zegoelako, baina jakinaraziz oroigarri berria datozen egunetan jasoko duela. Udalak sentitzen du gertaera, horrelakoek euskarari egiten dioten minagatik".