Madariaga auzoko elizaren 175. urteurrena ospatuko dute igandean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko abe. 13a, 10:37

Aste honetan zehar, Azkoitiako parrokiak hainbat egitasmo jarriko ditu martxan

Datorren igandean, abenduak 18, Azkoitiko Madariaga auzoko elizak 175. urte beteko ditu. Hori dela eta ospakizun berezi bat antolatzen ari dira auzokoak eta parrokia: 11:00etan Juan Bautista Mendizabalek hitzaldia emango du auzoaren historiaz, 11:30ean meza nagusia izango da, eta, jarraian, hamaiketakoa egingo dute. Iragana gaurkotzen izenburua jarri diote ospakizunari, eta jendea animatu nahi dute bertan parte hartzera. Hainbat egitasmo Era berean, aste honetan Azkoitiko parrokiak hainbat egitasmo jarriko ditu martxan. Astelehenetik hasita, urtero egiten duten presoen aldeko Eguberrietako oparien bilketa egingo dute kantzelean, banatuko diren paperetan esaten den orduetan. Horrez gain, ordutegi berdinean, etxeetan erabiltzen ez diren mantak hartuko dituzte, Caritaseko jantzitegian banatzeko. Bestalde, larunbatera bitartean, parrokiko misio taldeak jartzen duen bidezko merkataritzako denda irekita egongo da Torre Zurin. Hirugarren munduko herri behartsuei laguntzeko modu bat da hori, haien produktuak erosteko aukera izango baita. Ostegunean, berriz, parrokiko batzar irekia egingo dute, 19:00etan, elizan bertan. Batzar horretan pastoral egitaraua aurkeztuko dute, otoitz giroan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide