Euskaraz gehiago aritzeko hitzaldia izango da ostegunean, Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko abe. 12a, 10:27

Elkargunean izango da hitzaldia
(Ane Olaizola / Hitza) Azkoitiko Euskara Mahaiak antolatuta, Ainhoa Lasa Emun aholkularitza kooperatibako kideak honako hitzaldia eskainiko du: Non jarri behar dugu arreta euskaraz gehiago egin ahal izateko? Ostegunean, abenduaren 15ean, izango da saioa, 19:00etan, Elkargunean. Udalak gogoratu du Azkoitian 2014ean egindako kale-neurketa baten arabera, hamar elkarrizketetatik sei euskaraz egiten dituzte herrian, eta Euskara Mahaiko kideen helburua da hori hobetzea. "Sinisten dugu gutariko bakoitzak baduela bere alea jartzea. Baina, horretarako zer egin behar dugun badakigu?”, galdetu dute. Horretarako, arreta zertan jarri behar den hausnartuko dute, eta udalaren arabera, "konturatzeke" gazteleraz egiten diren "bitxikeriez" jabetuko dira. "Horiek aurrerantzean euskaraz egiten baditugu, gure bizitzan euskarak gero eta leku handiagoa izango du". Honako talde, ikastetxe eta erakundeek osatzen dute Euskara Mahaia: Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe, Floreaga ikastetxea, Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI, aek, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Maxixatzen eta Azkoitiko Udala.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide