30 lagun bildu ziren herri galdeketa antzolatzeko lehen bileran, atzo, Borondegin. (Ihintza Elustondo)
Errezil ere batu da olatura. 2017ko udaberrian, Urola Kostako hainbat herrirekin batera, herri galdeketa egingo dute han ere. Joan den asteazkenean egin zuten galdeketa hori antolatzeko lehen bilera, eta 30 lagun bertaratu ziren.
Kontsulta hori egin ahal izateko, hurrengo pausoa elkarte bat osatzea litzateke. Izan ere, galdeketak Gure Esku Dago dinamikak antolatzen ditu, baina bere baitan sortzen diren talde berrien bidez. Horregatik, elkartearentzat izen bat pentsatu beharko dute orain herritarrek. Udaletxe azpiko arkupetan jarri duten kutxa batean jasoko dituzte proposamenak.
Abenduaren 16an, bilera
Hurrengo bilera abenduaren 16an izango da, 18:30ean, pintxo potearen aurretik. Bilera horretan sortuko da elkartea, eta bertan erabakiko dute haren izena zein izango den ere.
Legeak eskatzen duen moduan, behin elkartea sortuta, sinadura bilketa egingo dute. Errezilen kasuan, 16 urtetik gorako biztanleen %15en sinadura bildu beharko dute galdeketa martxan jartzeko. Zifra zehatza oraindik jakinarazi ez duten arren, 500 sinadura inguru izango direla kalkulatu dute.
Pozik agertu ziren herritarrak, herri txikia izan arren, Errezilen ere galdeketa egingo dutelako. "Nahiz eta herri txikia izan, tantaz tanta egiten da itsasoa", adierazi zuen Jon Ziarsolok.