(baleike.eus)
Azaroaren 24an izandako udalbatzarrean alderdi sozialistak aurkeztutako mozio bat aztertu zen. Bertan, Zumaiako Industria-Ondarearen Informazio Zentroaren etorkizuneko egoitza edo museoa Moilaberriko Urolaren tren estazio zaharrean kokatzea eskatzen zen. Mozioa PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen. EAJ-PNVk kontrako bozkatzeaz gain, emendakina aurkeztu zuen. Gernika parkean dagoen eraikinean flyschari buruzko zentro berri bat ezartzea aurreikusten du Udal Gobernuak eta, emendakinean, ZIIZen museoa Algorri interpretazio zentroak mataderia zaharrean utziko lukeen tokian jartzea proposatzen zen. Mozioaren emendakina jeltzaleen eta sozialisten aldeko botoekin onartu zen; EH Bilduk kontra egin zuen.
Orain, gutun baten bidez, erabaki horren inguruko iritzia eman du Zumaiako EH Bilduk. Sozialisten iritzi aldaketa "EAJ-PSE-EE akordio nazionalaren" barruan kokatzen dute, eta haren eraginez, sozialistek "iruzur" egin dietela ZIIZekoei. Museoa Moilaberrin egiteko aukera EH Bilduren hauteskunde programan jasotzen zela dio. "Ez dugu ikusten eraikin eta leku hoberik museo hori jartzeko, izaeragatik, historiagatik eta eraikinaren ezaugarriengatik".
Udal Gobernua ere kritikatzen du. "Herritarrekin eta herritarrentzat ari direla diote, baina beste behin ere herritarrei eta eragileei –ZIIZekoei, kasu honetan– kasurik egin gabe 'herritarrentzat'proiektu itxia azalduko dute, inolako parte hartzerik gabe erabakitakoa", salatzen dute. Koalizioaren ustetan, "Zumaia bidegurutzean dago: turismo masifikatua jasotzen hasiko da epe motzean. Turismo eredua herriaren nortasunaren gainean eraiki behar da, bere ondare historiko, kultural eta naturalean. EAJren asmoa, turismorako atrakzio soil gisa tratatzen da Algorri zentroa. Plenoan, EAJk eta PSE-EEk, beraien erabakiarekin, Zumaia erakuslehio bihurtzeko pauso bat eman dute".