Eguzkiak argitu du San Andres eguna

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko aza. 30a, 15:50

Baserritar jantziak soinean, herritar ugari atera dira kalera taloa eta txistorra dastatzera.Txalkor txistulari taldea omendu du udalak, 25. urteurrena dela eta

Egun eguzkitsua ari da izaten gaurkoa, eta azkoitiarrek asko eskertu dute hori. Giro ezinhobea tokatu zaie San Andres eguna ospatzeko. Baserritar jantziak soinean, herritar ugari atera dira kalera taloa eta txistorra dastatzera. Txistulariak eta trikitilariak ibili dira kalez kale giroa alaitzen, eta artista txikientzat,  marrazki eta buztin modelaketa lehiaketa izan da. Eguerdian, berriz, herri kirol jaialdia jokatu dute plazan. Era berean, Txalkor txistulari taldearentzat egun berezia izan da gaurkoa. Mende laurdena bete du aurten, eta, hori dela eta, udalak omenaldia egin dio. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eskerrak eman dizkio talde osoari, eta, bereziki, Pello Larrañaga taldeko zuzendariari. Ondoren, Larrañagak hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie 25 urteetan bidelagun izan dituen azkoitiar txistulari guztiei, bereziki, Angel Mari Arenasi eta Aritz Aranbarriri. Omenaldiaren amaieran, hunkituta gogoratu ditu Larrañagak Jose Manuel Arenas eta Kaiet Azkue, duela gutxi zendu diren bi taldekideak, eta horiei eskaini nahi izan die gaurko omenaldia. Arratsaldean ere jarraituko du festak. Hona hemen egitaraua: 16:30. Marrazki eta Buztin Modelaketa lehiaketako sari banaketa, herriko plazan. 17:00. Azkoitiko Pilota Eskola elkarteak antolatuta, Kontzejupe Sariaren azken partidak, Kontzejupean. 17:30. Batukada Feminista, herriko kaleetan. 22:00. San Andres Idi Dema saria, Gurea pilotalekuan. -Partaideak: Txokolate, P. Illarreta eta R. Alegria.
Goizean hartutako irudi batzuk, hemen ikusgai: [flickr_set id="72157673262033304"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide