Sidenor enpresak gaur hasi du
lantegietan ezarri nahi duen aldi baterako Lana Erregulatzeko Txostenaren (LET) negozioazioa sindikatuekin. Azkoitian ere badu lantegia Sidenorrek, eta han, gaur egun, 405 behargin inguruk egiten dute lan. Enpresak 2017rako eta 2018rako txostena aurkeztu die sindikatuei, eta lantegi guztietako lan jarduna gutxitzea proposatu die. Hala, Azkoitiko fabrikarako lan orduak %62 murriztea iradoki du enpresak, beti ere, lantegian duten lan kargaren arabera.
Gainerako lantegietarako, berriz, orduak gutxitzeko honako proposamen hau egin du Sidenorrek: Basauri (%20), Gasteiz (%35), Reinosa (%75), Legutio (%35), Maltzaga (%100), Polyna (%39), Legazpi (%50) eta Azuqueca de Henares (%50). Aitzitik, Sidenorrek ez du Lana Erregulatzeko Txostena aplikatuko ikerketa eta garapena ardatz dituen lantegian.
Enpresako zuzendaritako kideek batera, negoziazio mahaian izan dira Sidenorren lantegietan ordezkaritza duten UGT, CCOO, USO, ELA, LAB, ESK eta CSIF.
Aldi baterako Lana Erregulatzeko Txostena aurkezteko arrazoiak diru galerak eta lehiakortasun falta izan dira, enpresaren arabera. Haren ordezkariek esan dutenez, gainera, horiek aurreko etapatik datoz; hain zuzen, Sidenor Brasilgo Gerdauren parte zenetik.