Batzorde teknikoko eragileak eta kale hezitzaileak. (Azkoitiko Udala)
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Azkoitiko Udalak emakumeen aurkako "edozein" indarkeria mota salatzen du: fisikoa, psikologikoa, sexuala edo sinbolikoa. Horri aurre egiteko, indarkeria matxista jasaten dutenei arreta hobea eskaintzeko protokoloa indarrean jarri du udalak. 2015ean sinatu zuten protokoloa, eta erakundeen arteko batzorde teknikoa osatu dute koordinazioa sendotzeko. Batzordea herriko ikastetxe guztiek, Ertzaintzak, Udaltzaingoak, Osasun Zentroak eta Udalak osatzen dute. "Protokoloari esker, gure herrian gerta daitezkeen indarkeria matxista kasuetan, erakunde bakoitzak zehaztuta ditu zein diren bere egitekoak elkarren artean ondo koordinatzeko", adierazi du Nekane Larrañaga Ongizate zinegotziak. Finean, esku-hartzen duten agenteen arteko komunikazioa hobetzea da helburua, biktimei arreta integrala emateko.
Eragileekin formakuntza saioa ere egin dute, Sortzen aholkularitzako Norma Vázquezen eskutik, eta protokoloa lantzeak berak "asko" hobetu du eragileen arteko koordinazioa, udalaren arabera.
2016an, 11 kasu berri
Azkoitiko Udalak 11 kasu berri artatu ditu 2016an. Kopuru hori ordea Udaleko Ongizate saileko atea jo duten emakumeena da, eta ez indarkeria pairatzen duten guztiena. Datuak segmentatuta daude, eta Emakunde da datu bilketaz arduratzen ari dena, baina oraindik ez ditu azken datuak argitaratu.
"Zoritxarrez, gure gizartean indarkeria matxista hedatua dago eta salaketak ugaritu egin dira azken urteetan. Baina horiek ikusgarri egiten diren kasuak bakarrik dira, Udaletako gizarte zerbitzuetara laguntza eske jotzen dutenak. Beste asko pauso hori eman gabe gelditzen dira, dituzten baliabideekin aurre eginez arazoari edo salatzera ausartu gabe", dio Larrañagak.
Larrañagaren esanetan, berdintasuna "guztion ardura da eta badugu zeregina". Udalak aurrerapauso handiak eman ditu azken urteetan. "I.Berdintasun Plana ebaluatzen ari gara, indarrean ditugu hezkidetza programak ikastetxeetan, emakumeak ahalduntzeko ikastaroak antolatu ditugu... Eta, azaroaren 25aren bueltan, egitarau berezia landuko dugu sentsibilizazioan eta prebentzioan aurrera egiteko. Halaber, aste honetako udalbatzan erakunde adierazpena onartuko dugu".