Visesaren zuzendari nagusia Azkoitiko udal ordezkariekin bildu da

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko aza. 18a, 15:31

Visesak Floreaga auzoan Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikiko ditu, eta lursail horiek ikusi eta aztertu ditu Marcos Murok

(Azkoitiko Udala) Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Visesaren zuzendari nagusia, Marcos Muro, udaletxean bildu dira gaur, ostirala, bi aldeek komunean dituzten proiektuez hitz egiteko. Marcos Murok herrira bisita egin nahi izan du zuzentzen duen sozietate publikoak Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikiko dituen lursailak ikusteko eta aztertzeko. Udalaren arabera, Muroren bisitak "berretsi" egiten du Visesak etxebizitza horiek eraikitzeko duen hartutako konpromisoa. Horrek esan nahi du Azkoitian urte batzuen buruan babes ofizialeko 45 etxebizitza berri eraikiko dituztela. Kokalekuak ezagunak dira dagoeneko. Floreagan, 2010. urtera arte Helduen Eskola Publikoa egon zen tokian, bi etxe bloke eraikiko dituzte. Batean hamasei BOE joango dira, eta bestean hamalau. Azken horiek Alokabideren esku geratuko dira alokatu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak, Visesaren bidez, atera ditu jada lizitaziora proiektuaren erredakzioa, obren zuzendaritza eta gunearen urbanizatzea. Azkoitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak 2007an sinatu zuten Floreagan babestutako etxeak egiteko akordioa. Halere, urte guzti hauetan ez da aurrerapausorik eman. Orain, ordea, hasi dituzte proiektuaren hasierako tramiteak. Idiakez Etxean ere babes ofizialeko etxeak eraiki nahi ditu udalak. Visesaren Administrazio Kontseiluak urriaren 3an onartu zuen egitasmoa. Udalak adierazi duenez, oraindik "azkarregi" da datak ipintzeko, baina, proiektuaren arabera, hamalau edo hamabost etxe eraikiko dituzte, "andamioek ezkutuan mantentzen duten eraikinaren irudia atzean utziz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide