Esti Curiel eta Joxe Mari Azkue obraren partiturekin, ZUMBen entsegu lokalean. (J.L. Romatet)
Infernuko zulotik paradisura bitarteko bidaia egin zuen Dante Alighieri poetak bere lan ezagunenean,
La Divinna Commedian. Arte historiaren lan garrantzitsu hori hartu du gai bezala Zumaiako Udal Musika Bandak (ZUMB) Xixili Egunaren harira antolatuko
La Divina Comedia kontzerturako. Bandak Esti Curiel aktorearen laguntza izango du larunbatean egingo den kontzertuan, 19:00etan, Komentuan.
Zapatuan ikusi eta entzun ahal izango den emanaldi hau orain bizpahiru urte aurkeztu zen Altsasun. Estreinako saio hark izandako erantzun onaren ondoren sortu zen kontzertua Zumaian ere jotzeko ideia. "Aspalditik genuen kontzertu hau emateko gogoa", azpimarratu du ZUMBeko zuzendari Joxe Mari Azkuek. Kontzertu honetan bandak joko duen musikaren xehetasun handirik ez du eman nahi zuzendariak; misterioa gorde nahi du. "Musikari bezala jo dut kontzertu hau eta badakit zer lortu nahi dudan".
Azkuek nabarmendu du joko duten musikak ezin hobeto islatzen duela Danteren liburua. "Kontzertuak hasiera, erdia eta bukaera izango ditu, antzerki baten antzera, eta musikak oso ondo erakusten du infernuko bakardadetik paradisura bitarteko bidaia hori. Zentzu horretan oso progresiboa da", azaldu du Azkuek.
Bandarentzat erronka handia dela azpimarratu du. "Zuzendari naizenetik konplexuena izango da. Arrisku handienak ere agian hemen hartu ditugu". Bandako kideek beraien instrumentuak jotzeaz gain, beste lan batzuk ere egin beharko dituzte, "abestu eta baita soinu efektuak egin ere".
Esti Curielek, aldiz, narratzaile baten papera du kontakizuna eta musika tartekatuko dituen kontzertu berezian. "Liburuko pertsonaia bat naiz ni kontzertuan eta Dantek egindako bidaia kontatzen dut. Infernu horretan bitxia da pekatuak zein ordenetan jartzen dituen. Lapurretak garrantzia txikia dute, baina, apezpikuak, adibidez, pekatarien maila gorenean jartzen ditu. Ustelkeria oso presente dago obra osoan".
Narrazioa prestatzeko obrako zenbait bertso eta zati hartu ditu Curielek, gero moldaketa bat egiteko. "Beldurrak ere pizten zaizkit. Nire zalantza guztiak agerian geratzen dira, Danteren bidaian bezala, baina bidaia honetarako Musika Banda lagun ona da, talde oso ona da", goraipatu du aktoreak.
"Narratzailearen bitartez musikak espresatzen ez duen guztia azaltzen da", dio Azkuek. "Eta alderantziz", erantzun dio Curielek. "Musikaren bidez hobeto azaltzen da kontakizuna. Istorioa imajinatzen ere laguntzen du".
Ez da lehen aldia ZUMBek eta Curielek kontzertu batean kolaboratzen dutena.
"Gulliver-en bidaiak, Carmen edo
ZUMB Cluben izan nintzen. Hauen handiak izan ziren. Baina gero beste batzuetan ere izan naiz. Bandan flauta jotzen nuen eta jotzeari utzi niola hamar urte pasa badira ere, oraindik Bandako kide bezala ikusten dut nire burua, eta pozik nago horrekin".
Xixili Eguneko egitaraua
AZKOITIA
Etzi, azaroak 19. 12:30ean, Azkoitiko Musika Bandaren kontzertua, Elkargunean.
AZPEITIA
Etzi, azaroak 19. 13:00etan, Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua, Sanagustinen.
Azaroak 22, asteartea. 19:00etan, Soreasun. Juan Antxieta Musika Eskolakoen kontzertua, Imanol Urbietaren kantak oinarri hartuta.
GETARIA
Azaroak 23, asteazkena. 17:30ean, musika eskolakoen kalejira. Gero, txokolatada.
ORIO
Azaroak 20, igandea. 12:45ean, parrokian. Orioko Salatxo, Hernaniko Kantuz eta Astigarrago Aiztondo abesbatzen kontzertua. Europar Errenazimentuko Musika Koral Profanoa eskainiko dute Musika Tresnen Taldearen laguntzarekin.
Azaroak 21, astelehena. 17:00etan, Danbolin Musika Eskolakoen kalejira. 19:00etan, Kultur Etxean, kontzertua.
ZARAUTZ
Etzi, azaroak 19. Txinpirin, Zarautz-Txiki eta Zarautz abesbatzen kontzertua, 20:30ean, Frantziskotarren elizan.
Azaroak 20, igandea. Zarauzko Musika Bandaren kontzertua, 12:30ean, Merkatu plazan.
Azaroak 22, asteartea. 19:30etik 21:00etara, Santa Zezilia kalez kale kantuan. 19:30ean, Schola Cantorumek abestuko du parrokian, 19:30ean.
Azaroak 24, osteguna. 17:30ean, Musikalean, musika eskolatik Musika plazara kalejiran. Ondoren, txokolatada.
ZESTOA
Etzi, azaroak 19.20:00etan, udaletxe azpian, Zestoako Musika Bandaren kontzertua.
Azaroak 22, asteartea. 18:00etan, Ertxiña Musika Eskolak antolatuta kalejira.
ZUMAIA
Gaur, azaroak 17. 19:00etan, Maria eta Josen, Musika Eskolaren jaialdia..
Azaroak 19, larunbata. 19:00etan, Komentuan, kontzertua: La Divina Comedia. ZUMB Musika Banda eta Esti Curiel.
Azaroak 22, osteguna. 1800etan, Txistulari Banda.
Azaroak 22, igandea. 11:00etan, parrokian, Beheko Plaza Abesbatzak kantatutako meza. Ondoren, kantu kalejira.