Arrakastatsua izaten ari da Produktu Fitosanitarioen Aplikatzaile txartela ateratzeko ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko aza. 16a, 14:16

52 lagun ari dira parte hartzen saioetan. Datorren asteartean, azaroak 22, saio praktikoa egingo dute, baina ez dute produktu fitosanitariorik erabiliko.

Nekazaritza sektoreko profesionalei zuzenduta, Produktu Fitosanitarioen Aplikatzaile txartela ateratzeko ikastaroa ari dira egiten Azkoitian. 52 lagun apuntatu dira, eta udalaren arabera, "sekulako arrakasta" izaten ari da. Legeak produktu fitosanitarioen erabiltzaile eta saltzaileak euren ezagutzak akreditatzera behartzen ditu txartel bat eskuratuz. Orain arte, ordea, txartela ateratzeko ikastaroa egin nahi zutenek beste herri batera joan behar zuten, beraiek ordainduta. Aurten, lehen aldiz, txartel hori herrian eta doan ateratzeko aukera izan dute herritarrek. Ikastaroa Hazi Fundazioak eta Azkoitiko Udalak elkarlean antolatu eta finantzatu dute. Udalak 1.685 euro bideratu ditu ikastarora, eta Hazi Fundazioak 1.123 euro. Bien artean %100ean finantzatu dituzte saioak. Produktuen aplikazio simulazioak urarekin Datorren asteartean, hilaren 22an, saio praktikoa egingo dute Trenbidearen Zumardiako zelaigunean, Aizkibel liburutegiaren ondoan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Simulazio ariketak egingo dituzte, eta partaideak babesteko maskarak eramango dituzten arren, ez dute produktu fitosanitariorik erabiliko, ura baizik. Udalak hori argitu nahi izan du gune hartatik igarotzen diren herritarrak ez daitezen kezkatu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide