Ibarmiako ordezkari bat saria jasotzen. (Twitter)
Azkoitiko Ibarmia Innovatek enpresak jaso zuen Berrikuntza Saria atzo gaueko XXV. Euskal Enpresen Gauean. Ekitaldia Gizarte eta Euskal Enpresa Fundazioak antolatu zuen, eta Bilboko Guggenheim museoan egin zuten.
Koldo Arandiak zuzendutako enpresa "enpresa kulturaren eta aldaketa teknologikoaren alde egindako apustuagatik" saritu zuten. Epaimahaiak adierazi zuenez, makina-erreminta enpresak "2014-2016 urteetako plan estrategikoan aurreikusitako mugarri guztiak bete ditu. Enpresa Kultura Berria ezarri du, eredu gardenago eta parte hartzaileago baten alde eginez; krisi aurreko salmentak gainditu ditu; Azkoitiko instalazioak zabaldu ditu; 4.0 industriaren barruan makina familia berriak sortu ditu; eta gehigarrien ekoizpena eta torneatze-fresatze teknologia batzen dituen lehen irtenbide hibridoetakoa sortu du".