Bigarren eskuko azoka, pintxo dastaketa eta jolasak izango dira larunbat goizean Azkoitian, Gazteak eta Garapena taldeak antolatuta eta Alai Batza aisialdi taldeak lagunduta. 10:00etatik aurrera etxean egindako pintxoak eta postreak eraman ahal izango dituzte herritarrek plazara, eta ondoren salgai jarriko dituzte horiek. Horrez gain, bigarren eskuko merkatua jarriko dute plazan bertan, eta Alai Batzako kideek azaldu dutenez, dagoeneko hasi dira materiala jasotzen. Liburuak, diskoak, panpinak, jolasak eta abar ari dira Floreaga ikastetxean jasotzen, eta herritarrek ostirala bitartean eraman ahal izango dute materiala, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara bitartean.
Azokan saltzen dutenarekin eta pintxoekin biltzen duten dirua Ekuadorrera eta Haitira bidaliko dute; izan ere, bi herrialde horietan lurrikarek hainbat kalte eragin dute. Alai Batzako kideek eskerrak eman dizkieten azokarako-eta laguntza eman dieten harakinei, okinei, elkarteei, tabernariei eta herritarrei.
Azken urteetan maiatzean antolatu izan dute egitasmoa, baina agenda arazoak tarteko aldatzea erabaki dute.