Gizarteko beste arlo batzuetan bezala, zinema ere modaren araberakoa da. Orain urte batzuk Asiatik etorritako zinemagintzak sona handia izan zuen eta hari esker Kanbodiako, Filipinetako edota Hego Koreako zenbait pelikula estreinatu ziren zinema aretoetan. Azkenaldian, fama hartu duen zinemagintza Islandiakoa da. Irla horretan dute jatorria mundu mailako zinemaldietan erakutsi diren zenbait lanek:
Sparrows dramak Urrezko Mazkorra irabazi zuen iaz Donostiako Zinemaldian; Zumaian erakutsi zen Rams-ek saria jaso zuen Canneseko jaialdian; eta, aurten, Donostiako Zinemaldian drama eta thrillerra uztartzen dituen
Eidurinn eman zuten Sail Ofizialean.
Iparraldeko irla horretatik etorritako pelikulen pokerra gaur Aita Mari zinema aretoan erakutsiko den
Fusi (Corazon gigante) honek osatzen du. Pelikula horrekin hasiko dute Ostarrena zineklubak antolatutako zineforumeko ikasturte berria. Saioak, ohi bezala, 22:00etan hasiko dira Aita Mari aretoan. Azken urteetan zineforumeko saioetarako sarreraren prezioa igo gabe eduki eta aurten euro bat igo dute antolatzaileek, 5 euro kostako da.
Fusi izeneko pertsonaiak ematen dio pelikulari bere izenburu originala. Fusik 43 urte ditu, eta handia, gizena eta xelebrea da. Ez du inoiz neska-lagunik izan, eta zaletasun bakarra dauka: II. Mundu Gerrako gudak maketen bidez antzeztea. Amarekin bizi da. Egun batean, dantza eskola batera joango da, eta bera bezalako emakume bakarti bat ezagutuko du.
Filma iaz estreinatu zuten eta zenbait sari jaso ditu. Hala, New Yorken egiten den Tribecako zinema jaialdian pelikula, aktore (Gunnar Jonsson) eta gidoi onenaren sariak jaso zituen. Gaztela eta Leonen (Espainia) egiten den Valladolideko zinema jaialdian, berriz, aktore onenaren saria jaso zuen Jonssonek.
Abendura bitartean Ostarrenak programatu dituen beste hiru filmak, berriz, iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu ziren. Bata bestearekiko oso desberdinak dira:
Nuestra hermana pequeña film japoniar goxoa da;
High rise filma J.G. Ballard idazlearen liburu baten egokitzapen gordina; eta,
Sunset song, berriz, XX. mendearen hasierako Eskozian girotutako drama klasikoa da.
Udazkeneko zikloa
lau film zineforumean
Urriak 20. Corazon gigante. Zuzendaria: Dagur Kari.
Azaroak 3. Nuestra hermana pequeña. Zuzendaria: Hirokazu Koreeda.
Azaroak 17. High rise. Zuzendaria: Ben Wheatley.
Abenduak 1. Sunset song. Zuzendaria: Terence Davies.
Ordua. 22:00etan, Aita Mari zinema aretoan. Sarrera: 5 euro.