Parte hartzeko, urriaren 30a baino lehen eman behar da izena, udaletxeko Arreta Bulegoan
Hazi Fundazioak eta Azkoitiko Udalak ikastaro bat finantzatuko dute nekazaritza sektoreko profesionalek Produktu Fitosanitarioen Aplikatzaile txartela eskuratzeko aukera izan dezaten. Ikastaroa Elkargunean izango da, azaroaren 15etik 23ra bitartean, eta 25 orduko iraupena izango du. Interesatuek udaletxeko Arreta Bulegoan eman beharko dute izena urriaren 30a baino lehen. Gutxienez hogei laguneko taldea osatu beharko da ikastaroa aurrera ateratzeko.
Ikastaroetan izena emateko ezinbestekoa da nekazaritza ustiategi txartela izatea –txartel berdea deritzona– edo lanean produktu fitosanitarioak erabili behar izatea. Izena emateko, txartel berdea aurkezteaz gain, bi argazki eta NANaren kopia bat eraman beharko dira.
Legeak produktu fitosanitarioen erabiltzaile eta saltzaileak beren ezagutzak akreditatzera behartzen ditu, txartel bat eskuratuz, eta ikastaroa egiten duten ikasleek, txartel hori lortzeko aukera izango dute. Horretarako, gutxienez saioen %90era joan beharko dute, eta amaierako azterketa gainditu.
Herritarren eskaria ikusita, udalak akreditazioa lortzeko beharra dutenei lagundu nahi izan diela adierazi du. Udalak ikastaroaren %60 finantzatuko du; hain zuzen, 1.685 euro bideratuko ditu horretara. Gainerako %40, berriz, –1.123 euro– Hazi Fundazioak jarriko ditu.