Eusko Jaurlaritzak Floreagan 30 Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikitzeko tramiteak hasi ditu

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko urr. 6a, 10:35

Lizitaziora atera dira obren zuzendaritza eta sailaren urbanizazioa

Irudian, etxebizitzak eraikiko dituzten gunea. (Azkoitiko Udala) Eusko Jaurlaritzak, Visesa erakunde publikoaren bidez, Floreagan 30 Babes Ofizialeko Etxebizitza (BOE) eraikitzeko tramiteak hasi ditu. Lehenengo urratsa izan da lizitaziora ateratzea obren zuzendaritza eta sailaren urbanizazioa. Proiektuak bi etxebizitza bloke eraikitzea aurreikusten du, 2010ean Elkargunera tokialdatu arte Helduen Eskola Publikoa egon zen tokian. Eraikin berrietako batean hamasei etxebizitza eraikiko dituzte, eta bestean hamalau. Azken horiek ere babestutakoak izango dira, eta alokairura  bideratuko dituzte Alokabideren eskutik. Visesak esku artean duen kronogramaren arabera, 2017ko uztailean eraikuntza eta urbanizazio lanak esleitzeko moduan egongo lirateke. Hori horrela, 2017a amaitu aurretik sinatuko lirateke kontratuak enpresa esleituekin. Udalaren arabera, aurreikusitako epeak "zuhurtziaz" hartu behar dira, baina horiek dira Visesak ezarri dituenak. Azkoitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak 2007an sinatu zuten Floreagan Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena, baina, udalaren arabera, geroztik ez da urrats "esanguratsurik" eman.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide