Nava Chetna programan parte hartzen duen emakume taldea. (Nava Jeevan)
Indiako kulturara eramango gaituen musika eta dantza saioak izango dira larunbatean Kofradian, Nava Jeevan elkarteak antolatuta. Indiako haur eta emakumeei laguntza emateko sortutako elkarteak informazio postua ere jarriko du plazaren alboan eta zenbait produktu ere salduko ditu bertan.
13:00etan hasiko da saioa. Hasteko, Aritz Olano musikariak sitar emanaldia eskainiko du eta, ondoren, Bollywoodeko dantza saioak izango dira Donostiako Sebastopol eta Chatvaari Sundari dantza taldeen eskutik. Amaitzeko, dantzen tailerra gidatuko dute dantzariek beraiek.
2009. urtean jaio zen bizi berria esan nahi duen izeneko elkartea. Kalkutako haur eta emakumeei laguntza eskaintzeko zenbait proiektu sustatu dituzte ordutik. Gaur egun bi proiektu dituzte esku artean: bederatzi haurren osasunaz arduratzen den Asha proiektua, eta Nava Chetna laguntza zentroa. Azken horrek umeentzako hezkuntza laguntza eta informatika klaseak, eta emakumeen ahalduntzea bultzatzen duen trebakuntza profesionala eskaintzen ditu. "Nava Chetnak gauzatze berri bat esan nahi du eta hori du helburu. Umeei eta emakumeei zuzendutako hezkuntza eta prestakuntza eskainiz, ezagutza zabaldu eta auzoa suspertzea espero da", dio elkarteak.
Sortu eta hurrengo urteetan Dantzara izeneko jaialdiak antolatu zituen elkarteak bere jardueraren berri emateko eta, bide batez, laguntza ekonomikoa eskuratzeko. Jaialdi haiek ez zuten jarraipenik izan eta elkartearen berri ere ez da izan azken aldian. Larunbatean egingo den Bollywoodeko jaialdi honekin berriro ere bere lana gizarteratzea du helburu Nava Jeevanek.